Albisteak

[ARGAZKIAK] Herri Azokaren harrera onak poza eman die Antxietako kideei

Euria egin badu ere, jendetza gerturatu da gaur goizean udaletxe azpira, Antxieta Arkeologia Taldeak antolatutako Herri Azokara. Seigarrenez egin dute erakusketa, aurten Larrazken Kulturalaren barruan, eta gustura agertu dira taldekideak izandako harrerarekin. Inguruan aurkitutako aztarnak ezagutzeaz gain, arkeologoen lana bertatik bertara probatzeko aukera izan dute bisitariek.

Azpeitian sortutako taldea da Antxieta, baina bere jardunaren zati garrantzitsu bat Zestoako lurretan egiten du. Inguruko aztarnategietan aurkitutako materiala eta kobazuloetako erreplikak jarri dituzte ikusgai gaurkoan, eta goiz osoan aritu dira taldekideak bisitariei azalpenak ematen. Haien ustez, gertutasun horrek pizten du, neurri handi batean, herritarren interesa: erakusketan ikusten dituzten aztarnak inguruko mendietan eta kobazuloetan aurkitutakoak izateak, alegia.

Iaz esperimentaziorako guneak izandako arrakasta ikusita, aurten ere bisitariek eskuekin lan egiteko aukera izatea nahi izan dute, eta proposamena zabaldu dute. Hondar-kutxetan hezurrak bilatzen eta galbaheekin bahetzen aritu dira batzuk; beste batzuek, berriz, argiekin aztertu dituzte erreplikak. Kobazuloetako paretetan margoak eta grabatuak bilatzeko modua ezagutu dute horrela, argia norabide desberdinetatik zuzenduta erliebeak eta aztarnak nola antzematen diren probatuz.

Egagropilak garbitu eta aztertzeko aukera ere izan da. Hegazti harrapari batzuek harrapakinak irentsi ondoren ahotik botatzen dituzten digeritu gabeko hondakinen bolak dira, hezurrak eta ilea izan ditzaketenak, besteak beste. Horrelako hondakinak identifikatzeak eta zein lur-geruzatan agertu diren jakiteak iraganeko ingurunea hobeto ezagutzen lagun dezake.

Haurrak interes handiz aritu dira esperimentaziorako guneetan, baina heldu ugari ere geratu dira Antxietako kideekin solasean. Taldekideek azaldu dutenez, harrerak poz handia ematen die, urte osoan egiten duten lanak besteengan ere interesa pizten duela ikusten dutelako.

Gazteak taldera gerturatzea berri ona da Antxietarentzat

Hirurogei urte bete zituen iaz Antxietak, eta azken urteetan gazteak taldera batzen ari direla ere pozik aipatu dute kideek. Horietako bat da Ane Agirre azpeitiarra. Psikologoa da ikasketaz, eta aitaren, Juan Joxe Agirreren, eskutik zaletu zen arkeologiara. Gaur bisitariei azalpenak ematen aritu da, eta taldearen eguneroko jardunaz ere hitz egin du.

Agirrek kontatu duenez, neguan ia astebururo egiten dute irteeraren bat kobazuloetara, garaiaren arabera maiztasuna aldatzen bada ere. Udan, eguraldi onarekin, aire libreko katak egiten aritzen dira gehienbat. Ikasketa eta lanbide askotako lagunak elkartzen dira taldean, eta bakoitzaren ezagutzak arkeologian ere baliagarriak direla nabarmendu dute taldekideek.

Profesionalizazioaren aurrean, boluntarioen lanaren lekua aldarrikatu dute

Gazteen etorrerak ilusioa piztu arren, taldearen etorkizunaz kezkatuta agertu da Jose Inazio Arrieta kidea. Arkeologian profesionalizaziorako joera indartu dela dio, eta azken hamar urteetan profesionalen eta amateurren lanaren inguruan sortutako eztabaidak Antxieta bezalako taldeen jarraipena baldintza dezakeela uste du. «Egunak kontatuak ditugu», adierazi du.

Arrietaren iritziz, ordea, boluntarioen eta profesionalen lanek elkarren osagarri izan behar dute. Antxietako kideek mendian aztarnen bila, sasi artean eta inguruko baserritarrekin hizketan egindako aurretiazko lana jarri du adibidetzat. Haren ustez, lan hori gabe, profesionalek aztertu ahal izateko aztarnategi eta material asko ez lirateke ezagutzera iritsiko.

Amateurrak izanagatik ere, beti zuzendaritzapean aritu direla azpimarratu du Arrietak, eta Jexux Altunarekin egindako lana ekarri du gogora. Mendira atera, miaketak egin eta katetan nahiz zundaketetan aritzea ezinbesteko aurrelana dela defendatu du, ondoren profesionalek beren ikerketak egin ahal izateko.

Kezka hori ez du arkeologiara mugatu. Euskal Herrian esparru askotan aurrera egin bada boluntarioen lanari esker ere izan dela aldarrikatu du, eta erakundeek profesionalizazioaren alde egiten duten bitartean lan horri lekua aitortzea eskatu du. Taldera gerturatu diren ingeniari, historialari eta psikologo gazteak aipatu ditu: amateur gisa aritu arren, beren jakintzatik ekarpena egin dezaketela uste du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide