Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Aurreko asteburuan herria festa giroan murgildu bazen ere, gaur, ostiralez, eman zaie hasıera ofizialki Amabirjin jaiei. Herriko haurrak arduratu dira txupinazoa botatzeaz udaletxeko balkoitik, plaza bete-bete eginda zela. Kolore zuri-gorriak nabarmenak dira herrian, umeen eguna ospatuko baita lehenengo egun honetan.
Lehenik, Fernando Arzallus, kultur teknikariak hartu du hitza, honek udalaren partez Palestinako genozidioa salatu du, bihar herri mailan 13:30ean egingo den elkartasun argazkira gonbita egitarekin batera.
Ondoren, Lorea Ilundain Zestoako alkateordeak hartu du hitza, eta hark guztientzako festa seguru eta erosoak aldarrikatu ditu. Herriko umeek bere aldetik, hurrengo egunetan Zestoa poztasunaren herri bilaka dadin eskatu dute. Jarraian, suziria piztu eta festetan murgildu da herria.
Gero, ohi bezala, Itxaropena Dantza Taldeko gaztetxoek dantzaurrea eta zahagi-dantza eskaini dituzte, Garikoitz Mendizabal txistulariak lagunduta. Herriko Musika Banda, buruhandi eta Joselontxos txaranga ere arduratu dira festa giroa mantentzeaz.
Hona hemen gaurko egitaraua:
14:30 Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria kiroldegian.
15:30 Haurrentzat tailerrak.
16:30 Bertso-poteoa tabernaz taberna Unai Agirre eta Oier Etxeberriarekin, Erniarraitz elkarteak antolatuta.
17:30 Lopene ganadutegiko poniak plazan.
19:00 Ostarte erromeria, Laranjadin.
22:00 Suzko zezena.
Ondoren, Ostarte erromeria eta DeBrass, Laranjadin.














































