Argiolako bazkidetza martxan

Urratsez urrats aurrera goaz. Argiola kooperatiba legeztatzeko tramiteak amaitu berri ditugu. Ez da lan makala kontu hauetaz arduratzen den lan taldeak eginikoa. Azken asteetako lan nekezak izan du bere emaitza. Dagozkigun etxeko lanak bete ondoren urrats berriari bide emateko moduan gara.

Oraingo honetan bazkidetza formularioa betetzea dagokigu, asko izan zarete proiektu honetan sinetsi eta partaide izateko asmoa erakutsi duzuen herritarrak. Orain da unea. Argiola kooperatiba gisa eratua dago eta bertan bazkide izateko interesa duen orori inprimaki hau betetzeko deia luzatu nahi diogu: www.labur.eus/argiola-bazkidetu helbidean aurkituko duzue inprimakia. 10 euroko ekarpena egin eta datuak betetzeko adieraziko zaizue bertan, eta hori eginda Argiolako bazkide izango zarete. Proiektua babesteaz gain, kooperatibaren informazioa eta ekintzen berri izango duzu, eta Argiolak martxan jarriko dituen proiektuetan nahiz kooperatibaren urteroko batzarrean parte hartzeko eskubidea izango duzu. Eta gogoratu, Argiolan modu batera edo bestera aktiboki parte hartu nahi duenak izango du horretarako ere aukera!

Edozein zalantza edo galdera izanez gero, argiola@ni.eus helbidean izango gaituzu, edota Argiolako kideoi galdetu zuzenean.

Bitartean, guk jarraituko dugu proiektu ezberdinak martxan jartzeko lanean, tokiko energiaren erabilera bultzatuz eta energiaren gaia herritarrengana gerturatuz, gure ingurua hobetzeko asmotan.

Laster izango duzue esku artean dugunaren inguruko informazio gehiago!

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide