Albisteak

Argiteriaren kudeaketaren zati bat berreskuratu du udalak

Aurreko legealdian udalak herriko argiteria publikoa 10 urterako pribatizatzea erabaki zuen eta 2018az geroztik, Zestoako argiteria publikoa Tecuni enpresak kudeatzen du. Udala enpresarekin akordio batera iritsi da eta argiteriaren zati bat berreskuratzea lortu du. Atzoko udalbatzarrean, erabakia ontzat eman zen EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren aurkakoekin.

Mikel Arregi Ertxin alkateak adierazi zuen Zestoako argiteria publikoak, guztira 1.171 puntu dituela eta horietatik 274 berreskuratuko dituela udalak. Puntu horiek “herriko gune estrategikoenetako” eremuan daudela ohartarazi zuen. Hemendik aurrera, beraz, herrigune nagusiko argiteriaren zatirik handiena udal brigadak kudeatuko du eta gainontzeko guztia Tecuniren esku geldituko da 2028ra arte. Arregik “ezinbestekotzat” jo du argiteria publikoaren zati hori berreskuratzea.

Bestalde, EAJk ez du ontzat eman erabakia. Garikoitz Mendizabal EAJko udal taldeko buruak azaldu zuen ez daudela ados erabakiarekin: “Gure ustez ez da drama bat zerbitzu batzuk pribatizatzea. Helburua zerbitzu on bat ematea izan behar da”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide