ARRASTOARI SEGIKA. Otsaila eta martxoko erantzunak

Otsaileko erantzuna eta asmatzaileen zerrenda argitaratu gabe ditugula ohartu gara. Apirila 21.Korrikaren antolakuntzan buru-belarri pasa dugu eta, berandu bada ere, sarrera honetan argitaratuko ditugu otsaileko eta martxoko asmakizunen erantzunak.

Otsaileko erantzuna “Pepe” loroa zen. Trenak pasatzen ikusteko toki pribilegiatua zuen, izan ere, Hotel Estacion izenekoan bizi zen (gaur egungo Gisasola egoitzan), Urola trenak Zestoan zeukan geltokiaren ondoan. Gineatik ekarri zuten, beste loro batekin batera, eta hitzak esaten ikasteko erraztasun handia omen zeukan. Loro honen anekdotak Iñaki Zubeldia idazleak Zestoako loroa liburuan jaso zituen. Anekdota asko daude loroaren inguruan, baina famatu egin zuena horietako bat da: geltokiko buruaren txilibitua egiten ikasi zuen, eta hala, geltokian geldirik zegoen trena martxan jarriarazi zuen txistua jota, makinistak pentsatu baitzuen geltoki buruaren txilibitua zela. Zorionez, susto bat bakarrik izan zen, epaitegietara eraman zuten kontua, baina loroa absolbitu egin zuten. Parisko abeslari batek Le train et le perroquet izeneko bolero bat atera zuen gertaeraren inguruan.

Gure postontzira erantzun batzuk iritsi dira eta ondorengo hauek irabazi dute ekainean egingo dugun zozketarako txartel bana: Maria Blanco, Arantxa Zigaran, Ana Agirrebengoa, Xabier Etxabe eta Patxi Aramendi.

Martxoko asmakizunaren erantzuna, berriz, Lasaoko San Miliango markesen jauregia zen. Trenaren kearen usaina bertatik hartzen da gaur egun, izan ere, Azpeitiko tren museoko lurrun-trena ondotik pasatzen da eta Urola trenaren Lasaoko geltokian hartzen du buelta. Jauntxo familia bat bertan bizi izan zen, jauregiaren izenak dioen bezala, San Miliango markesena. Hamahiru urtez desagertuta egon zen toki honetako sarraila bat; jauregiaren kontra dagoen kaperako sarraila da galduta egon zena, hala kontatzen du Jesus Mari Arroitaonaindia lasaotarrak ETB2ko “Historias a bocados” saioan. Familiako azken bizilagunak bertan hobiratuta daude, kaperaren azpian dagoen hobian.

Gure postontzira erantzun batzuk iritsi dira eta ondorengo hauek irabazi dute ekainean egingo dugun zozketarako txartel bana: Iarone Goenaga, Patxi Goenaga, Patxi Aramendi, Bego Urbieta eta Sorkunde Etxezarreta. Zorionak eta segi parte hartzen!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide