Albisteak

Arroabeko biribilgunea egiteko obrak abuztuaren 6an, osteguna, hasiko dira

Arroabean N-634 eta GI-631 errepideen arteko biribilgunea egiteko obrak abuztuaren 6an hasiko direla jakinarazi du Zestoako Udalak. Gauzak ondo, lanak ostegun honetan, uztailak 6, hasi eta lau hilabete iraungo dute. Hala ere, biribilguneko obra lehenago amaitzea aurreikusten da. ‘Campezo Obras y Servicios SA’ enpresari esleitu zaio lana eta Udalak adierazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du.

 

Geltokiko zebrabidea eta bide berdearen lotura

Biribilguneaz gain, Arroabeko autobus geltokira bidean egingo den semaforodun zebrabidearen berri ere eman du Udalak. P.K. o+200 puntuan egingo dira lanak, oinezkoen segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin. Horrela, behin lanak amaituta, Arroabetik Zestoa-Zumaia norantzan dagoen geltokira joateko bidea egokia eta segurua izango da. Arroabea bide berdearekin lotzeko obrak ere abuztuan hasiko dira. Lotura hori Zestoako Udalaren eskumena izango da eta GI-631 errepidean egingo den proiektuak etorkizuneko bide berdea auzoarekin lotuko du. ‘Sasoi’ enpresa nafarrak burutuko du lana eta Zestoako Udalak finantzatuko du.

Lanek trafiko zirkulazioan eragina izango dute. Zirkulazioa arautu egingo da, baina gutxienez errailetako bat zabalik mantenduko dela jakinarazi du Zestoako Udalak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide