Albisteak

Arroabeko eskola bisitatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak

Ikasturte hasiera dela eta, Arroabeko eskolara bisita egin du gaur goizean Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Olatz Garmendi Administrazioa eta Zerbitzuen sailburuordearekin eta Gipuzkoako Hezkuntza ordezkari Gema Gonzalez de Txabarrirekin batera. Bertan izan dira, ikasleen hainbat guraso eta Pili Perurena eta Beatriz Zubia Udal Gobernuko kideak ere.

Arantxa Osa eskolako zuzendariarekin instalazioak bisitatu dituzte aurrena eta ondoren, ikasturte berriarekin loturiko hainbat gai aztertzeko bilera egin dute. Eskola txikiek egiten duten lana goraipatu nahi dutela esan du Iriartek. “Oso garrantzitsua da eskola hauek egiten duten lana, proiektu berritzaileak dira eta oso hurbilak”. Eskola berria egitearen prozesuak bere denbora behar izan duela esan du baina beraientzat apustu bat izan dela, horrelako proiektuetan sinesten dutelako. “Proiektu hauek bultzatzen jarraitu behar dugu, eskola hau egitea pixka bat kostatu zaigu baina gure apustua garbia zen. Orain dela pare bat urte egon ginen hemen eta esan genuen egingo genuela eta gure konpromisoa bete dugu” nabarmendu du.

Bestalde, urte askotan zehar eskatzen aritu diren zerbait izan dela azpimarratu du Arantxa Osa zuzendariak. “Arroabean eskola bat behar zen eta oraintxe bertan denok teilatupean egotea zoragarria da, haurrak zoratzen daude”.