Albisteak

Arroagoian ari da prestatzen Euskal Selekzioa Munduko Pilota Txapelketa

Pilotako Euskal Selekzioak X. Munduko Pilota Txapelketa jokatuko du datorren martxoaren 27tik apirilaren 1era bitartean, Alziran (Valentzia). Txapelketarako prestaketa lanak Arroagoiko frontoian ari dira egiten. Astean bi egunetan entrenatzen dute bertan, asteazkenetan eta ostegunetan. Abantzu pilota klubeko ordezkariek azaldu dute, pilota federaziotik iritsi zela Arroagoian entrenatu ahal izateko eskaera. Udalarekin hitz egin ostean, entrenamendu saioekin hasi ziren.

Euskal selekzioaren entrenatzaileak auzoko elkarteari eskerrak eman dizkio entrenamendu ostean mokadutxoa prestatzeagatik. Horrez gain, Udalari ere esker ona erakutsi dio instalazioak erabiltzen uzteagatik, eta Abantzu pilota kluba ere gogoan izan du, egindako lanagatik.

Naroa Agirre selekzioarekin

2019an jantzi zuen lehen aldiz Naroa Agirre pilotari arroarrak euskal selekzioaren elastikoa. Urte guzti hauetan zehar hainbat domina eskuratu ditu pilotariak, eta Europako txapeldun ere izan da. Aurten munduko txapelketa jokatuko du Agirrek, Enara Gaminde, Ainhoa Ruiz de Infante, Leire Garai, Miren Larrarte, Amaia Aday, Olatz Arrizabalaga eta Olatz Ruiz de Larramendirekin batera.

 

Argazkiak: Eduardo Agirre




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide