ARROSA ZUHAIXKA

Askok dakizuen moduan, Gurutze tabernako terrazan arrosa gorrien zuhaixka bat dago; eder-ederra lorak dituenean, argazkian ondo ikus dezakezuen bezala. Polita, ezta?
Tamalez, edertasun horrek gutxi iraun dio, honako hau idazten ari naizela hiru arrosa besterik ez baititu.
Egun batetik bestera, arrosak sekulako martxan desagertzen ari zirela ohartu ginen; euriak eta haize zakarrak eraginda? Zitekeena. Hala ere, terrazan, landarearen bueltan edota inguruan, arros-hosto gutxi ikusten zirela konturatu ginen eta hori, bitxia zela iruditu zitzaigun.
Baina, hara, misterioa dagoenekoz konponduta dago. Batzuen batzuk, taberna irekita dagoela zuhaixkaren aurretik pasa eta arrosa bat hartzen dute; beste batzuk, berriz, taberna itxita egon arte itxaroten dute landarearen aurrean jarri eta arrosarik ederrena presarik gabe aukeratzeko eta, noski, eramateko.
Arrosak zuhaxkari kentzea tentagarri dela ulertzen badugu ere, min ematen digu hain hutsik ikusteak. Hemen, horregatik, gure eskaera: arrosaren bat hartu nahi baduzue, har ezazue dagoenekoz loratu dena eta ez loratzen ari dena. Edo, hobeto, terrazan kafea edo hartzen ari zaretela, arrosa-landarea mirestu. Honela, denok gozatuko dugu arrosen edertasunaz.
Eskerrik asko.
Sorkunde




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide