Albisteak

Artisau eta baserritar azoka izango da Arroabean azaroaren 19an

Aurten ere Arroabeko Ezkaizto auzo elkarteak antolatu du Artisau eta baserritar azoka Txara dendaren laguntzarekin. Azaroaren 19rako jarri dute hitzordua, eta 44 postu izango dira hiru gunetan banatuta.

San Isidro plazan, Txara denda aurre inguruan, hogei  janari postu inguru izango dira. Besteak beste: intxaurrak, eztia, esnekiak (gazta eta jogurtak), barazkiak, bakailaoa, foie, txorixoak, ogi, opil eta pastelak…  erosteko aukera izango da. Artisauen gunea frontoian egongo da. Bertan, zeramika, egurgileak, zapatak, arropak, bainika lanak, bitxiak, ukendu eta xaboien postuak… egongo dira. Joxe Migelen plazan, berriz, bertako produktuak erosteaz gain, dastatzeko aukera ere izango da: taloak, Marduko txakolina, Ekain sagardo ekologikoa, Paskual Arrietaren arabar Errioxako ardoa eta euskal garagardo eta likoreak, besteak beste.

Azoka goizeko 10:00etan irekiko da eta eguerdiko 14:00ak arte izango da bertan gozatzeko aukera. Antolatzaileek bertaratzeko garraio publikoa erabiltzeko gomendatzen dute, edota autoz joatea nahiago dutenei, oinez bost minutura dagoen Sansinenea industrialdean aparkatzeko eskaera luzatu diete.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide