Asanblada irekia: Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu
— 2024-02-12Emakume langileok bigarren mailako subjektu garen gizarte honetan, indarkeria matxista emakumeok azpiratuak mantentzeko bitartekoa da. Egunero-egunero egin behar izaten diogu aurre erasoaldi sistematiko honi: jarraipenak, mehatxuak, komentario lizunak, bortxaketak… Gainera, azken urteotan, indarkeria matxistak forma berriak hartu ditu, eta askotan hauek identifikatzea nekezagoa egiten bazaigu ere, gureganako zapalkuntza sakontzen dute. Beldurgarriak dira jasotako datuak:
• 2003tik 119 emakume erail ditu indarkeria matxistak.
• EAEn 5616 emakume daude babes neurriekin.
• EAEn urtebetean askatasun sexualaren aurkako delituek %20 egin dute gora.
Zestoan ere, ez gaude egoera honetatik salbu. 2019tik 2022ra, 31 salaketa egon dira indarkeria matxistagatik (salaketek ez dute errealitatea bere osotasunean erakusten; kopuru erreala altuagoa da).
Testuinguru horretan, instituzioek ez dute emakume langileon beharrizanei erantzuteko gaitasunik. Are gehiago, emakumeok gara gizartetik baztertuak eta estigmatizatuak garenak: etxebizitzatik kanporatuak, babes neurriekin itota, kalean seinalatuak…
Horren aurrean, urgentziazkoa da indarkeria matxistarekin amaitzeko norabidean lan egingo duen indar politikoa sortzea, zapalkuntza esparru guztiei irmotasunez erantzungo diena. Horiek horrela, Itaiak indarkeria matxistari aurre egiteko ondoko proposamen politikoa aurkeztu du:
1) Emakume langileon babesa antolatu –> emakumeok gure bizitzekin aurrera jarraitzeko kalitatezko baldintzak bermatuak izan behar ditugu (baldintza materialak zein pertsonalak eta sozialak).
2) Erasoen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzun –> erasotzaileen inpunitatearekin amaitu eta jendartea kontzientziatu behar dugu.
3) Industria matxista normalizatzen duen industria kulturala borrokatu.
4) Antolakuntza politikoa garatu eta indartu.
Proposamen hau eraginkorra izan dadin ordea, indarrak pilatzea eta antolatzea ezinbestekoa da. Sentitzen ditugun amorru, beldur eta inpotentzia bideratu, eta gureganako indarkeriari irmotasunez erantzuteko unea da. Hortaz, proposamen hau sakonago landu eta gaurdanik indarkeria matxistari aurre egiteko, asteartean, otsailaren 13an, arratsaldeko 18:00etan Alonderon egingo dugun asanblada irekira batzeko deia luzatzen dizuegu.
INDARKERIA MATXISTA ORORI AURRE EGIN!
* Datuak Eustat.eus-en lortu ditugu.
Egin zaitez bazkide