Albisteak

Asier Mendizabal buru-belarri dabil DYAko boluntario gisa

Garai hauetan ere ezinbestekoa bihurtu da boluntarioen lana. Horietako bat da Asier Mendizabal. Autobus gidaria da ofizioz baina 27 urte inguru daramatza DYAn boluntario lanetan, txofer moduan. Azken hiruzpalau urteetan “ahaztu samartuta” izan duen arren, larrialdi egoera honek berriz bultzatu du bere burua egoeraren beharretara eskaintzera.

Eusko Jaurlaritzaren eta DYAko zuzendaritzaren arteko koordinazioak antolatzen du DYAko boluntarioen lana. “Egoeraren beharrak aldakorrak diren moduan, antolakuntza ere eguneroko bileren emaitzetan oinarritzen dira. Orain arte ekintza asko burutu dira, maskarilak, 3D duten etxeetan egindako biserak etab eraman eta jaso, botikak eta elikagaien erosketak etxeetara eraman, batez ere arrisku handiko pertsonei, irten beharrik ez izateko” azaldu du Mendizabalek.

Gipuzkoako probintzia osoan mugitzen direla esan du, “edozein herritan edozein unetan, beharraren arabera”. Orain dela egun batzuk elurra egin zuenean, mendi erreskateko 4×4 anbulantzi eta ibilgailu bereziak hartu eta Gipuzkoako eremu estrategiko guztietatik ibili ziren, elurrak sortutako arazoei aurre egiteko. Azkenena, espero zen elurterik ez zuela bota eta ez zuten arazorik izan. Jendearen erantzuna “espero moduan zoragarria” izan dela esan du Mendizabalek eta gizarte honetan solidaritatea ez dela murriztu azpimarratu du.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide