Albisteak

Asteburu honetan hasiko dute denboraldia futbol talde nagusiek

Asteburu honetan ekingo diote denboraldiari preferente mailako neskek eta mutilek. COVID-19aren eraginez atzeratu behar izan dute denboraldiaren hasiera baina larunbatean bueltan izango dira bi taldeak. Preferente taldeko neskek Leintz-Aloñaren aurka jokatuko dute lehen partida, arratsaldeko 15:30ean, Oñatin. Mutilen taldeak, berriz, etxean hasiko du denboraldia 15:45ean.

Zestoako Futbol Taldeko gainontzeko bost taldeek aurrerago hasiko dute denboraldia. Jubenil eta kadeteek urriaren 25ean hasiko dute liga eta infantilek  urtarrilera arte itxaron beharko dute.

Segurtasun neurriak

Segurtasun neurri guztiekin zabalduko dituzte Iraetako futbol zelaiko ateak. Edukiera mugatua izango da eta ikusleek uneoro eserita egon beharko dute. Horretarako, bertan dagoen harmailaz gain, zelaiaren ondoan aulki batzuk jarriko dituzte. Instalazioetara banan banan sartu beharko da, betiere musukoa jarrita eta segurtasun distantziak mantenduta. Sarreran, zuzendaritzako kideek gel hidroalkoholikoa banatu eta tenperatura hartuko dute. Partidak irauten duen bitartean bakoitzak bere aulkian eserita egon beharko du eta norgehiagoka amaitzen denean, zaleek pixkanaka utzi beharko dute zelaia, taberna ondoko atetik.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide