Albisteak

Asteburuko kultur ekitaldiak bertan behera

Astebururako iragarrita zeuden kultur ekitaldiak bertan behera uzteko erabakia hartu du Udalak. Azken egunetan Covid-19 birusak “egoera kezkagarria” sorrarazi duela adierazi du, herrigunean “hainbat kasu positibo” atzeman direlako. Azken orduetan, zazpi kasu positibo baieztatu dira herrian eta hori dela eta hartu du neurria Udalak.

Egitasmo honen baitan antolatutako ekitaldiak “segurtasun eta higiene berme guztiekin” antolatu diren arren, prebentzio moduan “erantzukizunez jokatu” beharra dagoela uste du Udalak. Horregatik,  ‘Arineketan’ diskoaren aurkezpen ekitaldia eta Itxaropena dantza taldearen emanaldia bertan behera gelditu dira. Igande eguerdirako aurreikusita zegoen Errepublika garaiko azken udal ordezkarien omenezko ekitaldia ere ezingo dela ospatu ohartarazi du.

Erabaki honek zor ditzakeen eragozpenen aurrean barkamena eskatu du Udalak eta ekitaldia horiek ahal bezain pronto berriro programatzeko konpromisoa hartu du. Herritarrei “arduraz jokatzeko” deia luzatu eta “osasun gomendioan betetzen jarraitzeko” eskatu die.

Eragina herrian

Azken orduetan baieztatutako kasu positiboen eragina sumatzen hasi da herrian. San Juan eta Gisasola egoitzetan bisitak eta irteerak bertan behera utzi dituzte egoera “bere onera” itzuli arte. Bestalde, zenbait tabernarik lokalak ixteko erabakia hartu dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide