Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Hilabeteak aurrera doaz ia konturatu ere egin gabe, baina tarteka gelditzea komeni da gure inguruan gertatzen denari erreparatzeko. Izan ere, herri baten indarra ez dago soilik kaleetan edo eraikinetan, baizik eta bertako pertsonen ibilbideetan, bizipenetatik sortzen diren istorioetan eta denborak utzitako arrastoetan. Ea ba zer aurkitzen dugun ale honetan…
Batetik, mendian gora eta behera dabilen herritar baten urratsei jarraituko diegu. Trail korrikalaria izateaz gain, bere esperientzia partekatzeko eta besteak inspiratzeko modua aurkitu baitu, gaur egungo tresnak erabilita. Bakarkako kirola dirudien arren, mendian ematen diren pausoek komunitate oso bat ukitzen dute: ahalegina, diziplina eta naturarekiko lotura islatzen dituzte. Bere ibilbidearen bidez, zaletasun batetik abiatuta norberaren bidea eraikitzea posible dela erakutsi digu, eta bide horrek askotan imajinatzen duguna baino aukera gehiago sortzen ditu. Azken bi urteetan, gainera, izandako bizipenak irudi eta hitzen bidez kontatzen hasi da eta mendian bizitzen diren uneak gainerakoei hurbildu dizkie. Edukia sortzea ere bere bidearen parte bihurtu da, eta modu horretan, emandako pausoek ez dute soilik bidea markatzen, baizik eta beste askorengan ere arrastoa uzten dute.
Bestetik, aurten beteko dira 50 urte Zestoako Zinema Topaketak sortu zirenetik. Herri ekimen batetik abiatuta, euskarazko zinemarentzat plaza eta topagune bihurtu ziren, eta garai hartan ia existitzen ez zen errealitate bati bidea eman zien. Eliz-Ondo zinemako proiekzioetatik hasi eta herritarrek antolatutako zineforum eta Topaketetara, zinemak leku berezia izan du herrian, ilusioz eta konpromisoz eraikia. Urte haietan, baliabide gutxirekin baina gogoz beterik, zinemaren bueltan elkartu ziren herritarrak. Ekimen hark arrastoa utzi zuen gerora euskal zinemagintzan erreferente izango ziren hainbat sortzailerengan, eta haien lehen pausoen lekuko izan ziren Topaketak. Gaur, urteurren honek aukera ematen digu atzera begiratzeko, egindako bidea aitortzeko eta hura posible egin zuten pertsonen lana gogoratzeko.
Bi istorio hauek, bakoitzak bere eremutik, gauza bera gogorarazten digute: bidea egitea dela garrantzitsuena. Batzuetan mendiko bidezidorretan barrena, beste batzuetan pantaila baten aurrean piztutako argi izpiari jarraituta; baina beti egongo da istorio bat partekatzeko prest dagoen komunitate bat.
Ale hau irakurtzera gonbidatzen zaituztet, istorio hauek ezagutzeko ez ezik, agian zuen propioa ere beste begi batzuekin ikusteko.
Peru Gartzia