Albisteak

[ARGAZKIAK] Wafa bideokliparen aurkezpena Palestinaren aldeko keinu eta ekintza izan zen

Pasa den larunbatean kiroldegiko aterpea bete egin zen Zestoan, Irakurle Gazteen Klubeko kideek herriko musikarien laguntzarekin grabatu duten Tapia eta Leturiaren Wafa abestiaren bertsioaren bideokliparen aurkezpena ikusteko. Herritar ugari bertaratu ziren gaztetxoek azken hilabeteetan egindako lana ezagutzera, eta ekitaldiak harrera beroa izan zuen.

Aurkezpenak, gainera, elkartasun keinu argia izan zuen Palestinaren alde. Ekitaldian gonbidatu bereziak izan ziren Azpeitiko APOA poesia taldea eta Tapia eta Leturia trikitilariak, eta arratsaldean zehar sortutako giroak kultura eta elkartasuna uztartu zituen.

Ekimenaren protagonistak Irakurle Gazteen Klubeko gaztetxoak izan ziren. Eurek aurkeztu zuten egitasmoa herritarren aurrean, eta azaldu zuten irakurketaren bitartez munduan gertatzen ari diren egoeren berri izateko aukera izan dutela azken hilabeteetan. Testuinguru horretan ezagutu zuten Palestinaren errealitatea, eta hortik sortu zitzaien bai Wafa abestiaren bertsioa eta bideoklipa egiteko ideia, bai dirua biltzeko ekimena martxan jartzekoa.

Horretarako, eurek egindako txapak, eskumuturrekoak eta giltzatakoak jarri zituzten salgai ekitaldian bertan. Herritarren erantzunari esker, guztira 612 euro bildu zituzten larunbateko ekitaldian, eta Global Sumud Flotillari bidali dizkiote Palestinako herriari laguntzeko. Gaztetxoek bultzatutako ekimenak, horrela, kultur proiektu bat izateaz gain, elkartasun keinu eta ekintza ere izan zen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide