Paperekoa

[ATARIKOA] Buruhandien erakarpena

Festetan, nire Whatsapp profilean, bi buruhandi historikorekin agertu naiz. Baina zer harreman dute gure buruhandiek Danbolinek ale honetan jorratzen dituen gaiekin? Dirudiena baino handiagoa, nire ustez. Buruhandiek, oro har, nolabaiteko atzerakoa edo beldurra eragiten dute, batez ere umeei: ohikoa ez den itxura dutelako, jo egiten dutelako eta gehienetan pertsonaia komiko eta marjinalak irudikatzen zituztelako (gure herrian behintzat hala zen duela urte gutxira arte). Atzerakoa eragiten duen elementua da, bai, baina aldi berean erakarpen arraroa du, festaren funtsezko elementua izateraino (orain ez hainbeste). Bulegoan ditudan bi buruhandi historiko hauei begira-begira egon ohi dira askotan eskola-ume txikiak, liluratuta, erabat erakarrita. Baserriko bizitza ere, buruhandiak festetan bezala, funtsezko elementua zen industrializazioak gauza atzeratua eta marjinala bihurtu zuen arte. Baina ezin izan zuten erakargarritasun arraro hori ezabatu, eta horregatik, Ane Aranburu bezalako pertsonak landa gunearen berpizte berri batean inplikatuta daude, Amillubi proiektuan, esate baterako. Bere biografiako alderdi franko erakusten dizkigu ale honetan Anek.

Gauza berdintsua esan daiteke euskarari buruz: garai batean atzeratutzat eta trakestzat jotzen zena (gaur egun ere jende askok hala ikusten du), etengabeko ahalegin-esparru da gure gizartean. AEK-ko lagunek azalduko digute urte mordo hauetan egin duten ahalegina, euskara buruhandi zatar bat izan ez dadin, euskara itsusi eta baldar, beldurra ematen duen zerbait izan ez dadin, baizik eta zerbait baliotsua eta erakargarria. Erronka handiak ditugu gaurko gizartean euskalgintzan; ea zer argitzen diguten datozen orrialdeotan.

Hirugarren gaia danbolin bera dugu: hamar urte webgunea sortu zela. Egunerokotasuna, freskotasuna eman zion webak danbolini, lan gehiago ere bai, noski, eta, batez ere, kolorea (nahi adina argazki eder jar zitezkeen euskarri berrian). Koloreari, bizitasunari, txikiarekiko eta baztertuekiko enpatiari… horrelako gauzei egin nahi izan diegu keinu argazki zein artikulu hauetan. Hitz bitan, buruhandien erakarpenari. On egin!

Fernando Arzallus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide