Albisteak

[ATARIKOA] Gero gerokoak

Erronka: egoera zail batean aurrera egiteko gaitasuna. Horixe da esku artean duzun zenbakian jasotako hiru artikuluak lotzen dituen haria. Neurri batean edo bestean, denok ezartzen dizkiogu erronkak geure buruari; denetarikoak izaten dira: handiak, txikiak ertainak… Zenbaki honetako protagonistenak erronka handiak direla esango nuke.
Gaizka Kortadi eta Miren Moyano irakasleak dira eta Espainiako Hezkuntza Ministerioaren programa batean izena ematea erabaki zuten Ameriketako Estatu Batuetara lanera joateko. Gehiegi pentsatu gabe hartutako erabakia izan zen, baina ilusioz hartu dute erronka. Uztail bukaeran iritsi ziren Ipar Karolina ekialdeko Buxton herrira, euren alaba Lilirekin batera. Mari Artanok eta Iñigo Aizpuruak ere Gaizka eta Mirenen bide bera jarraitu dute. Beraien bidez izan zuten programaren berri, eta Iñigo irakaslea denez, izena eman zuten. Handik hilabete gutxira, abuztuaren 1ean, Massachusettseko Framingham hirian lur hartu zuten, Kattalin, Martin eta Karen seme-alabekin batera. Familian abentura bikain bat bizitzeko erronka jarri zioten bi bikoteek beren buruei eta jada, lehen hilabeteak pasa dituzte lur haietan. Nahiz eta herriaren, familiaren eta lagunen falta izan, momentuz, behintzat, esperientzia ederrean murgilduta daudela azaldu digute.
Ameriketako Estatu Batuetaraino joan gara, baina itzul gaitezen herrira, hemen ere baditugu eta erronkak. Horien artean da Udalak Zestoako nerabeekin martxan jarri duen proiektua. Jakinekoa da nerabezaroan bizitzako aldaketa esanguratsuenak gertatzen direla eta aldi horretan lehen erronkei aurre egitea tokatzen dela. Zestoarrok nerabezarora iristean bizi dugun aldaketa nabarmenenetako bat eskolaz eta herriz aldatzea da, eta horrek harremantzeko era, aisialdiaren berrantolatzea… dakartza. Hori horrela, garai horretan sortzen diren hutsuneei erantzuteko asmoz jarri du martxan udalak 12 eta 16 urte bitarteko gazteek herrian duten parte-hartzea eta beraien arteko harremanak sustatzea helburu duen proiektua. Beti entzun izan dugu adin tarte horretako gazteentzat ez dagoela ezer herrian, ez leku fisikorik ezta haiei zuzendutako ekintzarik ere. Egitasmo honi esker, nerabeen behar eta nahiak ezagutu eta haien autonomia sustatu nahi da, komunitatean paper aktiboa izan dezaten. Ez dute erronka makala!
Inaxio Sorazuk garbi du bere hurrengo erronka: Brazilian jiu-jiutsu arte martzialeko Espainiako Txapelketa jokatuko du martxoaren 1ean. Unibertsitatean ikasten ari zela hasi zen kirol hori praktikatzen, eta bere denboraren zati handi bat eskaintzen dio egun. Oso kirol teknikoa dela azaldu du; forma fisiko ona izanda ere, teknika egokirik gabe indarrak ezertarako omen du balio.
Lerro hauetan ondorengo orrietan irakurriko duzunaren sarreratxoa egiten saiatu naiz. Horixe izango da, beraz, zure hurrengo erronka: eseri lasai eta irakurri hainbeste mimorekin egindako zenbakia. Gero gerokoak…
Itsaso Waliño Errasti




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide