Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Pribilegio txikien artean dut atariko hau idazteko aukera izatea, ematen baitzait aukera hurrengo Danbolin beste inork baino lehen irakurtzekoa. Pribilegiatu sentitzen naiz, orokorrean, bizitzari erreparatuz gero; pertsonalki, hizkuntzari dagokionez, sozialki, ekonomikoki… Baina meritokraziaren kultura zabaltzen ari den garaiotan jakitun naiz denok ez ditugula aukera berdinak eta ez dagoela, neurri handi batean, norberaren esku. Aspaldi entzun nuen “a zer aldea dagoen non jaiotzen zaren”, eta ondo egia da! Eskailera-mailak ez baitira denontzat neurri berekoak.
Aisialdian ere antzematen da hori, noski, eta akaso ikastaro, tailer, saioetara joateko aukera dugunok sarri ez gara jabetzen badirela aisialdiko ekintzetan parte-hartzen ez duten edo ezin duten auzoak. Izan arrazoi ekonomikoengatik edo kulturalengatik, baina bazter hauetan, aisialdian, normalean azala zuri. Denon eskubidea behar lukeenean, batzuk pribilegiatu.
Arrakala leuntzeko asmoz diru-laguntza berriak jarri ditu martxan Udalak eta horren berri ematera dator gai nagusian Nerea Odriozola. Euskara Foroan askatu zen hari-puntari tiraka eman zaio forma, herriko hizkuntz-ohiturekin eta kulturartekotasunarekin arduratuta. Haur eta gaztetxoen aisialdirako diru-laguntzak dira eta Zestoako aisialdi arautuko eskaintza guztia sartzen ez bada ere, Itxaropena Dantza Taldean, Abantzu Pilota Elkartean eta Bertso-, Futbol- eta Interpretazio-Eskolan izena emateko laguntzak izango dira, familien diru-sarreren arabera emango direnak.
Gaiak badu mamia eta merezi du artikulua irakurtzeak, herri eta gizarte bezala eraiki nahi dugunerako eztabaida garrantzitsua irekitzen baitu. Gure aisialdiko ohituren gaia beste upel bateko sagardoa da, denboraren kudeaketa, kontsumoa, hizkuntza… baina horretaz hitz egiteko beste aldizkari oso bat beharko genuke gutxienez eta gaur ez daukagu tarterik guztiari heltzeko.
Arroabean badira beren denbora librea bi gurpilen gainean pasatzea atsegin dutenak eta haiekin egon da Ohiana Kalparsoro. Motozale hauek ere izango dute zer kontatua. Eta, nola ez, uda garaian izaten diren auzoetako jaiek ere badute hilabete honetako aldizkarian beren lekua.
Zure aisialdian irakurri eta herriko berri izateko duzu Danbolin zenbaki hau. Urte garai honetan oporrak tokatzen bazaizkizu gozatu eta oporrik ezean, denbora librea aprobetxatu!
Itsaso Zubiria