Albisteak

Atzegizaleak balioan jartzeko kanpaina abiarazi du Atzegik

Xabier Etxabe Atzegizalea eta Jurdan Arakistain Atzegi elkarteko kidea

Kanpainak duela 20 urte sortu zen Atzegizale figura balioan jarri nahi du. Kanpainaren hasieraren berri ematearekin batera, 60. urteurrena ospatzeko egingo den ekitaldia ere iragarri dute.

Geroz eta gehiago gara eta nonahi gaude kanpaina jarri du martxan Atzegik, adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak. Kanpainak duela 20 urte sortu zen Atzegizale figura balioan jarri nahi du.

2.000 urtean sortu zuen Atzegik Atzegizale figura, adimen desgaitasuna duten pertsonekiko jarrera positiboa erakusten duten pertsonak identifikatzeko: “Urte hauetan zehar Atzegizaleen komunitatea hazi egin da eta jarraitzaileak batu ditu. 20 urte geroago, Atzegin pertsona horien jarrerak adimen-desgaitasuna duten pertsonen bizitzan duen eragina nabarmendu nahi dugu” azaldu dute elkarteko kideek.

Atzegizaleak leku askotan eta adin tarte guztietan aurki daitezkeela azpimarratu dute: “Desgaitasun intelektuala duten pertsonak diren bezala onartzen dituzte, ez dituzte epaitzen, haiengan sinesten dute eta gizartean parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkiete. Keinu txikiak diruditen arren, eragin handia dute desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizitzan”.

60. urteurrena

Iragan urtean bete zituen 60 urte Atzegi elkarteak. Ospakizunerako ekitaldirik ezin izan zuten egin orduan baina aurten, urteurrena “behar bezala” ospatuko dute abenduaren 20an Kursalean egingo den ekitaldi berezi batekin. Ekitaldia “sorpresaz” eta “une hunkigarriz” beteta egongo dela jakinarazi dute elkarteko kideek. Bertara joan nahi dutenek atzeguzale@atzegi.eus helbidera mezu bat bidali edo 943 42 39 42 telefono zenbakira deitu beharko dute gonbidapenak eskatzeko.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide