Albisteak
Aurkeztu dituzte ostiraleko erremonte profesionaleko txapelketako finalerdietako partidak
— 2021-10-13Asteburu honetan, erremonte profesionaleko txapelketako bi finalerdiak jokatuko dituzte Zestoako kiroldegian. Ostiralean, Urteaga eta Ezkurra II.aren arteko partida izango da eta larunbatean, Zeberio II.ak Ionen aurka jokatuko du norgehiagoka. Finalerdien aurretik binakako partida banaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
E-enpresak eta Erremonte Fundazioak antolatutako banakako erremonte profesionaleko txapelketa 2021eko Martiko Sari Nagusiko finalerdietako partidak jokatuko dituzte asteburuan Zestoan. Ostiralean eta larunbatean izango dira partidak, kiroldegiko pilotalekuan eta gaur arratsaldean aurkeztu dute jaialdia.
Ostiralean, Utergak Ezkurra II, aurka jokatuko du norgehiagoka. Aurretik Aldabe-Otano eta Jabalera-Barricart pilotarien arteko partida ikusteko aukera izango da iluntzeko 22:30ean hasita. Bigarren finalerdia, berriz, larunbat arratsaldean jokatuko dute. Zeberio IIaren eta Ionen artean jokatuko dute finalerako azken txartela. Partida horren aurretik, Matxin III-Agirrezabala eta Otxandorena-Azpiroz bikoteen aurkako lehia izango da, 19:00etatik aurrera. Finala urriaren 22an jokatuko dute, Iruñean.
Erremontea Zestoara bueltan
Urte batzuk pasa dira Zestoan azken frontoi motzeko erremonte jaialdia jokatu zenetik. Zestoako Udalaren laguntza izan dute txapelketaren antolatzaileek eta Mikel Arregi Ertxin alkateak “ilusioz” hartu du finalerdietako partidak Zestoan jokatzearen hautua. “Zestoarrei eta eskualdeko herritarrei dei egin nahi diegu, Zestoa erremontearen mapan kokatuta egongo delako. Pandemiaren neurriak altxata daude eta frontoira etortzeko ez da arazorik izango, edukiera librea izango da, beti ere musukoa jantzita. Erremonteaz disfrutatzeko baldintzetan egongo gara”.
E-remonte enpresak antolatzen duen lehen banakako txapelketa da eta Gipuzkoan eta Nafarroan jokatuko dute. Zestoa finalerdiak jokatzeko “plaza ona” dela adierazi du Jose Miguel Leatxe enpresako arduradunak: “Inguruan pilotariak daude, Azpeitian eta Aizarnazabalen, esaterako, eta frontoi polita dela uste dugu Zestoakoa”.
Patxi Zeberio eta Ion Etxeberria pilotariak “ilusioz” eta “gogotsu” agertu dira larunbateko hitzorduarekin. Eskerrak eman nahi izan dizkiete biek antolatzaileei eta baita Zestoako Udalari ere, “aukera hau eskaintzeagatik”.
Sarrerak egunean bertan eskugarai
Bertaratu nahi duten pilotazaleek egunean bertan izango dute sarrerak eskuratzeko aukera, bost euroren truke. Ostiraleko partidetarako sarrera hartzen dutenek, larunbaterako sarrera bera erabili ahal izango dute.
Egin zaitez bazkide