Paperekoa

Aurreiritziak gaindituz eta esanei entzungor, Iranera

Emakumea eta gaztea. Iranen. Bakarrik. Beldurra? Ezta pentsatu ere! Kezka? Agian bai. Goiatz Aburuza Arroagoiko bizilagunak Iranen egin dituen hiru asteetan bizi izan duen esperientziaren berri jasoko duzue honako lerro hautan. Ezagutza omen, eta lehen pertsonan bada hobe, ezjakintasunaren eta aurreiritzien aurkako erremediorik eraginkorrena.

Hartu minutu bat eta pentsatu galdera honen inguruan. Aukera izanez gero, zein litzateke oporraldi baterako zure leku ideala? Horien artean al legoke Maroko, edo Iran, edo Thailandia? Bada, hori da Goiatz Aburuzaren kasua, hogeita bi urteko Arroagoiko bizilagunaren kasua. Haur Hezkuntzako hezitzailea izatez, Azpeitiko Hotel Loiolan dihardu lanean 2010. urteaz geroztik.

Aspaldidanik zuen Goiatzek bidaia bereziren bat egiteko gogoa, baina, batez ere, inguruak oztopatu izan dio ametsa errealitate bilakatzea. Emakume izatearekin lotutako esaldiekin aurkitzen zen bere asmoen berri ematen zuen bakoitzean; adibidez: “Ez bidaiatu Iranera, herrialde musulman bat da eta. Ez joan Indiara, bortxatu egingo zaituzte. Entzuna dut Vietnam arriskutsua dela… Ezta pentsatu ere Marokora joatea, nire lagun baten lagun bati Fez-eko kaleetan atzetik jarraitu zioten”.

Bere ustetan sendo, eta unea iritsi zitzaiola pentsatuta, betidanik amestu izan duen bidaia horietako bat egitea erabaki zuen, eta uda aurretik izan behar zuen. “Hiru aukera nituen mahai gainean: Maroko, Iran edo Thailandia. Hasieran, Marokoren aldera egiten zuen balantzak. Baina lagun batekin izan nuen solasaldiaren ondotik, ez nuen zalantzarik izan, eta Iranen aldeko apustua egin nuen. Bestelako herrialde eta kultura bat ezagutzeko gogoa neukan eta, aldi berean, Iranen inguruan guztiok ditugun aurreiritzi horiek egiazkoak edo faltsuak ote ziren argitu nahi nuen nire kabuz”.

Horren harira, Herri Azokaren egitarauaren barruan Txoko Feministak islamofobiaren inguruan antolatutako hitzaldia ekarri du gogora, eta gaineratu komunikabideetatik mezu gogorrak jasotzen ditugula islamaren eta hori praktikatzen duten musulmanen inguruan. “Ondorioz, esan nezake ezjakintasun handia dagoela horren guztiaren inguruan. Iran herrialdearen izena aditze hutsarekin terrorismo, gerra edo basamortu moduko hitzak datozkigu burura, eta erlijioaren jarraitzaile sutsuekin osatutako mundu imajinario bat eratzen dugu”. Kanpoko interakzioak albo batera utzita, Iranera abiatzeko prestaketei ekin zien Goiatzek.

Aurreiritziak apurtzeko prest

Bi kontu zituen, batez ere, lotu beharrekoak bidaiari heldu aurretik: bidaia beraren nondik norakoak, gutxi gorabehera izanda ere, marraztea eta Iranen sartzeko beharrezkoa zuen bisa eskuratzea. “Zalantzarik gabe, bisa eskuratzea izan zen korapilatsuena. Bidaiaren nondik norakoak marrazteko ez nuen denbora asko behar izan, aurretik hainbat irandarrekin egoteko aukera izan bainuen. Sare sozialetan jendeak herrialdearen inguruan egin izan dituen iruzkinak ere aintzat hartu nituen”.

Bisa eskuratzeak, baina, buruko min gehiago eragin zizkion, nahiz berak hasiera batean uste izan baino errazago suertatu zitzaion. “Hemendik bertatik bisa eskuan hartuta joateko hiru edo lau hilabete aurrez egin behar da eskaera; nik ez neukan hainbeste denbora. Beraz, aukera arriskutsuago baten alde egin nuen; hau da, Iranen lur hartu bezain pronto, bisa aireportuan bertan eskatzea erabaki nuen. Bazegoen arrisku bat, bisa ukatu eta bueltan etxerako bidea hartu behar izatea, alegia. Baina entzuna nuen bazegoela arrisku hori saihesteko kode moduko bat erabiltzeko aukera. Irango enbaxadak pare bat asteko tartearekin bidaltzen du; hura eskuan nuela sartu ahal izan nintzen herrialdera.

Gauzak horrela, Iranen zen Goiatz, Teheran hiriburuan hain zuzen ere, bere burua eta aurreiritzi guztiak hankaz gora jartzeko prest. “Bakarrik bidaiatzen nuen lehenengo aldia zen eta, egia esan, abiatu aurretik egiten zizkidaten komentarioek ez zidaten batere lagundu. Behin eta berriz galdetzen nion neure buruari ea erabaki egokia hartu nuen Iranera bidaiatzearekin, baina, era berean, lasai nengoen hango kontaktu batzuk ere banituelako, zer edo zer gertatuz gero”.

Lur hartu zuen une beretik hasi behar izan zuen hangoekin harremanetan. “Goizeko lauretan iritsi nintzen aireportura eta hiriaren erdigunera joateko taxia hartu behar nuen… Hasiera-hasieratik irekiak eta jatorrak iruditu zitzaizkidan irandarrak, beti laguntzeko prest. Atzerritarrak hartzea gustuko dutela iruditu zitzaidan”. Taxira sartu eta hara lehenengo sorpresa… “Teheranera bidean beldurra sentitu nuen gidatzeko duten moduagatik: ez dituzte erreiak errespetatzen, hiruzpalau errei dauden tokian dozena erdi bat auto-ilara egiten dituzte; nahiko ohikoa da eskuineko erreitik aurreratzea; gidatzen ari denak une oro eskua klaxonean dauka; elkarri argiak botatzen ibiltzen dira, nahiz eta bazen goizaldeko ordu horietan argiak itzalita zeramatzanik ere… Hau da hau desastrea! pentsatu nuen”.

Berdetik grisera; iparretik hegora

Aurrez adierazi dugu ez zitzaiola bereziki konplikatua suertatu bide-orri bat marraztea. Hiru asteko bidaia izanik, hiru eremu ezagutzeko asmoa zuen Goiatzek: Teheran, Esfahan eta Shiraz. Lurralde horiek ezagutzeaz gain, baina, bertako herritarrekin zuzeneko tratua izan nahi zuen, euren bizimodua sakon ezagutze aldera. Baina iritsi bezain pronto, eta gida baten esanei men eginez, plana aldatzea erabaki zuen. “Gida batek esan zidan hiru astean aipatu hiru eremuak ezagutzeko baino askoz ere denbora gehiago izango nuela, eta hobe nuela beste leku batzuk ere ezagutzea”.

Hala, lehenengo lau egunak Iran iparraldean egin zituen. “Irandarren oso gustuko eremua da iparraldea; hango klima gurearen oso antzekoa da, berdea eta bustia”. Iparraldean igaro zituen egun horietan neska bat ezagutu zuen. Gainera, etxera gonbidatu zuen tea hartzera. Kontu kontari igaro zuten arratsaldea.

Ondorengo bi egunak herrialdeko hiriburua, Teheran, ezagutzeko baliatu zituen. “Imamzadeh Saleh meskita bisitatzeko ilusio berezia nuen. Hara sartzeko derrigorrezkoa da txadorra janztea (emakume musulmanek erabiltzen duten jantzi tipikoa, burua eta gorputza estaltzen dituena). Han ikusitakoak harridura sortu zidan: Irango ospakizun guztiek oinarrian heriotza bat dute, “jaiegun tristeak” deitua”. Teheranen berde kolorea utzi eta marroia nagusitzen hasten bada ere, badira bisitatzea merezi duten txokoak, Goiatzen iritziz, Darband kasu. “Mendi magalean dagoen jatetxez betetako eremua da, hango jendeak oso gustuko du, naturarekin harreman zuzena duelako”.

Teheran utzi eta Isfahan aldera abiatu zen segidan. Bidean, baina, geldialdia egin zuen Kashanen. “Iran oso ezaguna da alfonbren industriagatik, baina herri hori bereziki omen da ezaguna. Banuen jakin-mina alfonbren produkzioarekin; hori dela eta, Amary etxera gonbidatu ninduten. Alfonbrak nola egiten dituzten ikusteko aukera izan nuen, baita bateren bati eskua botatzekoa ere! Ez dute pazientzia makala, ez horixe! Alfonbra bakoitza egiten bi edo hiru hilabete pasa ditzakete, alfonbraren itxuraren arabera: lisoa den edo marrazkiz osatua dagoen…”.

Isfahanera bidean beste geldialdi bat egin zuen, Abyaneh herrian hain zuzen ere. “Irango herri zaharrena omen den horretan oraino bada han bertan bizi denik, nahiz eta gehienak edadetuak izan. Lokatzez egindako etxeetan bizi dira eta kaleak asfaltatu gabe dituzte. Jendeak eskuzabalik hartu ninduen eta euren etxeetara gonbidatzen ninduten tea hartuz tertulian egotera”. Handik gertu Matin Abad basamortua aurkitzen da, eta ezin hura zapaldu gabe itzuli. “A ze parajeak, duna ederrekin! Harrigarria da haizeak arearekin nola jolasten duen ikustea, sortzen dituen marrazkiei erreparatzea… zoragarria!”.

Azkenean bai, bi geldialdiren ostean iritsi zen Goiatz Isfahanera. Hasieratik zuen apuntatua hiri horren izena eta bisitatu behar zituen eremuen artean erlijio kutsuko nabarmenetakoak zeuden. “Iritsi eta segituan konturatu nintzen emakume guztiak txadorra jantzita zihoazela”. Erlijio kontuak albo batera utzita, bada bitxikeriarik Isfahanen. “Debekatua dago kantatzea. Herritarrak hiria zeharkatzen duen ibaia alderik alde lotzen duen zubian elkartzen dira dantzan egin eta abesteko, harik eta polizia gerturatzen den arte. Herritarrak ez daude ados debeku horrekin, baina nabari da poliziaren beldur direla”.

Bidaia amaierara heltzen zihoan. Bi leku baino ez zitzaizkion falta zapaltzeko Goiatzi: Shiraz eta Persepolis. Lehenbizikoan entzun zuen lehenengo aldiz emakume baten ahotsa abesti batean, eta segituan jabetu zen Isfahan baino irekiagoa zela herria zentzu horretan bederen. Han bada meskita bat, Shah Cheragh, eta egin zuen bisita hara ere. “Harritzeko modukoa da meskita baten barruan aurki dezakezun aberastasuna eta edertasuna, beren kristal distiratsuekin… Meskitan sartu bezain pronto ohartu ziren atzerritarra nintzela eta oso adeitsu tratatu ninduten, mersi-mersi!, Al-lah helijub! eta abarrekin. Eta, nola ez, han ere etxe batera gonbidatu ninduten, tratu ezin hobea jasoz”.

Persepolis izan zuen azken helmuga Goiatzek Iranen. “Akemenestarren Inperio garaiko Irango hiriburua izan zen Persepolis, baina K.a. 330. urteko gerrateen eraginez hiria suntsituta geratu zen. Alabaina, oraino garai hartako aztarna batzuk ikus daitezke. Hiriaren historiaren berriek biziki hunkitu ninduen”.

Gozotik asko, baina baita gazitik ere

Aho-zapore gazi-gozoarekin itzuli da Goiatz Iranetik. Gozoa jendearen izaeragatik: “Duten guztia ematen dute, etxekoa izango bazina bezala tratatzen zaituzte, gure kulturarekiko interesa agertzen dute, beti laguntzeko prest daude…”. Zapore gazia, baina, emakumeek pairatzen duten egoerak utzi dio. “Esan nezake emakumeen bizimodua gizonezkoena baino gogorragoa dela Iranen; behartuta daude buruko zapia erabiltzera, baita arropa luzeak janztera ere. Hala ere, iruditzen zait belaunaldien artean sumatzen dela aldaketa: emakume gazte irandarrak hasi dira, pixkanaka bada ere, niki motzak erabiltzen, baita buruko zapia kentzen ere, nahiz eta oso adi egon behar izaten duten, polizia azaltzen bada, berriro janzteko”.

Afera horri lotuta, zera nabarmendu nahi izan du: “Iranen derrigorrezkoa da zapia eramatea, bertakoentzat eta atzerritarrentzat. Baina hitz egiteko aukera izan dudan pertsona guztiek aipatu didate euren ustetan hautazkoa behar lukeela izan zapia erabiltzea”. Zapia, oro har, eremu pribatuan sartzen diren unean kentzeko aukera dute emakumeek. Hala egiten zuen Goiatzek berak ere, baina, dirudienez, ez da emakume irandar guztiek duten eskubidea: “Iparraldeko herri batean nintzela, emakume batek bere etxera gonbidatu ninduen arratsaldea igarotzera. Etxera iritsi bezain pronto kendu nuen nik zapia, bi aldiz pentsatu gabe, baina berak ez zuen halakorik egin. Horren zergatiaz galdetuta, adierazi zidan gizonak soilik elkarrekin bakarrik zeudenean baimentzen ziola zapia kentzea. Horrek, baina, ez du esan nahi emakume guztiak gizonezkoen mende bizi direnik, nahiz eta tamalez horrelako egoerak gertatzen diren”.

Goiatz, emakume moduan, ez da gaizki sentitu Iranen egin dituen hiru asteetan, baina hango emakumeekiko enpatia sentitzen du. Bertatik bertara ikusi ahal izan du Irango emakumeak ez direla aske osoki nahi dutena egiteko, baina gaineratu du aldaketa zantzuak nabari direla. Horren adibide txiki bat baino ez da emakumeek erabiltzen dituzten arropen koloreetan antzematen den aldaketa: “Orain urte batzuk nahiko kolore hilak eramaten zituzten soinean (beltza, marroia, grisa…), baina gaur egungo emakume gazteek arrosa, berdea edo urdina moduko koloreak hautatzen dituzte jantzietarako!”.

Kontuak kontu, ez du zalantzarik egiten ea Iranera berriz bueltan joango litzakeen galdetutakoan: “Iran zapaldu arte ez zidan ezezagun batek bere etxeko aterik inoiz ireki. Iranen egin nituen hogei egunetan zazpi aldiz ireki zizkidaten euren etxeetako ateak, baita bihotzak ere. Jendea animatzea nahiko nuke Irango kultura eta bizimodua gerturik ezagutzera, are gehiago arkitektura gustatuz gero; oso aberatsa eta berezia da Irango arkitektura”.

Aimar Etxeberria

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide