Albisteak
Aurtengo jaiak antolatzeko festa batzordea aurrenekoz bildu da
— 2025-03-26Atzo, astearte arratsaldez, hogei lagun inguru elkartu ziren jaiak antolatzen hasteko lehen bileran. Besteak beste, festa egunak eta ekitaldi nagusien kokapena erabakitzeko saiakera egin zen. Printzipioz, jaiak irailaren 5ean, ostiral eguerdian, hasiko dira eta irailaren 8ra arte, astelehenera arte, luzatuko dira.
Zezenketak igandean eta astelehenean egitea aurreikusten da, eta kuadrillen eguna, berriz, irailaren 6an, larunbatean ospatuko da. Umeen eguna noiz izango den oraindik erabaki gabe geratu zen. Guraso Elkarteko ordezkarien arabera, igandea ez da egokia, zezenketek arratsalde osoa hartzen dutelako eta horrek haurrei herrigunetik kanpo geratzea eragingo liekeelako. Ostirala ere ez da egokia, askok lan egin behar dutelako egun horretan.
Horrez gain, batzordeak sortu ziren eta aniztasunari buruzko hausnarketa txiki bat egin zen, jai inklusiboagoak antolatzeko proposamenak jasoz. Udalak nerabeen parte-hartzea bultzatzeko egindako lanketan oinarrituta, udaleko ordezkariek eta Gaztelekuko dinamizatzaileek bozeramaile lanak egingo dituzte, nerabeen proposamenak jai batzordean kontuan har daitezen.
Aurtengo aurrekontua iazkoa baino txikiagoa izango da. Iaz 35.000 euroko aurrekontua izanik, azkenean 74.000 euro gastatu ziren. Aurten, berriz, 35.000 euro inguru izango dira erabilgarri.
Hurrengo bilerarako hitzordua ere finkatu zen: apirilaren 29an izango da, arratsaldeko 18:30ean, Alonderon.
Egin zaitez bazkide