Azken begirada nire barnari

Igaro dira egunak Bartzelonari 360 graduko begirada azken aldiz eman nionetik (oraingoz behintzat), baina 10 hilabete egon naiz nire barnean dagoenari behin eta berriz begira, nire barnea ezagutzen, eta ezin ukatu esperientzia honek asko balio izan didala nor naizen eta zein izan nahi dudan jakiteko. Asteak eman nituen igarotzen nintzen txoko guztiei sakon begiratu nahian, guztiak neure oroitzapenetatik joango ziren beldurraz. Ezagutu dudan pertsona bakoitzari ere zuzen nahiz zeharka begiratuz hurrengo ikusitakoan izango dituzten aldaketak identifikatu ahal izateko, berriz noizbait ikusten baditut behintzat.

Faltan botako dut Bartzelona, faltan botako dut jendea katalanez entzutea, eta bi hitz katalanez esan ondoren neu ere bertako sentitzea. Faltan botako dut euskaraz ozen hitz egitea inork ulertuko ez nauelakoan, eta faltan botako dut esatea harro “Bai, euskalduna naiz, bai hizkuntza zaila da, baina saiatzen denak lortu dezake ikastea.” edo “Bai zortzi abizen euskaldun ditut, esango dizkizut?”. Faltan botako dut neure izena behin eta berriz gaizki ahoskatzen duen jende entzutea. Faltan botako dut grazia duen auzoko kalexketan bakarrik ibiltzea, galduta egongo banintz bezala. Faltan botako dut kalean doan pertsona anonimo bat izatea, eta era berean ezezagun batekin irribarrea elkarbanatzea.

Faltan botako ditut goxo agurtu nautenak, eta agurtu ez ditudanak. Faltan botako dut hiriko aire kutsakorra arnastea. Atzerritar sentitzea, izatea. Metroko musikariek sabelean sortzen dizkidaten kilimak sentitzea, metroko musikari izateko desioa sentitzea. Faltan botako dut bisitan etorri zaizkidan guztien sasi gidari turistikoa izatea (mila esker etorri zareten, eta etorri nahi eta ezin izan duzuenei). Faltan botako dut diskoteka bateko ilaran zain egotea. Kalean gurutzatzen dudan pertsona orori norbaiten antza hartzea.

Nor naizen galdetzeko aukera izan dut, edo benetan izan nahi dudana naizen, oraindik ez dakit ordea, edo agian bai, ondoegi. Ikasi dut neure burua zaintzen, neure burua babesten, maitatzen. Ikusi dut irribarrez negar egiteak sortu dezakeen zoriontasuna. Ikusi dut poza, tristura, ezinegona, mina, urduritasuna, ilusioa. Denetik ikusi dut, denetik sentitu dut, eta bizipen txarretatik, zerbait ona ateratzea posible dela ikasi dut. Behar izan dudanean laguntza eskatzen ikasi dut, besarkada bat eskatzea zein erraza den ikasi dut, besarkada bat sentitzea zein beharrezkoa den ikusi dut. Kalean unibertsitatean baino gehiago ikasi dut. Barre egin dut, irribarre egin dut, mina hartu dut, negar egin dut.

Inor ez dut faltan bota, eta dena faltan bota dut. Faltan botako dut etxekoak faltan botatzea. Gogoratu naiz zein txikia den nire herria, gogoratu naiz bere kaleez, inguratzen duten mendiez, bere jendeaz, nire etxeaz. Gogoratu naiz familiaz, lagunez, ezagunez, agian zutaz, edo agian ez.

Saiatu naiz nire barnean eta barnan egon dena zuei adierazten, zuek ni apur bat gehiago ezagutarazten, eta jarraituko dut saiatzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide