Albisteak

Badator Kobaz Koba Trail lasterketaren bigarren edizioa

Egun gutxi falta dira Koba Koba Trail lasterketaren bigarren ediziorako eta antolatzaileak azken xehetasunak lotzen dabiltza. Proba otsailaren 12an izango da. Hori horrela, gaur goizean prentsarekin bildu dira antolatzaileak eta probaren inguruko hainbat konturen gainean solastu gara.

Eskuragarri ziren 485 dortsalak hartuta daude. Parte hartuko duten korrikalariek bi ibilbide dituzte aukeran Artzei bidea (17 km) eta Zaldei bidea (25 km). Ibilbideen izenak Ekain kobako bi galerien izenak direla azpimarratu behar da.

Antolatzaileek adierazi dutenez “Zestoa eta Aizarna izango dira tokirik egokienak ikusleentzat, eta bereziki Santa Engrazia izan daiteke lasterketako lekurik ikusgarriena”.

Lasterketako modalitate berria: Naturalki minimal runner

20 korrikalari baino gehiagok eman dute izena “Naturalki minimal runner” modalitatean. Modalitate honetan oinetako bereziekin lehiatu behar da, ohikoak baino oinetako meheagoarekin lehiatzen da, baita oin hutsik ere. Modalitate honetako irabazleentzat sari bereziak prestatu dituzte. Horretaz gain, gainerako lasterkarien artean lehen hiru emakume eta gizonezkoentzat izango dira sariak, baita lehen zestoarrentzat ere.

Dortsalak jasotzeko aukera otsailaren 10, 11 eta 12 egunetan izango dute parte hartzaileek. Otsailaren 10 eta 11ean Zestoako Turismo Bulegoan hartu ahalko da dortsala (9:30-13:30 eta 15:00-17:30).

Probaren egunean bertan, otsailaren 12an, dortsalak kiroldegian banatuko dira. Horretaz gain, estazioko aparkalekua izango da kotxea uzteko tokirik egokiena Zestoara etortzen direnentzat. Eta dutxak Zestoako Kiroldegian eta Iraetako Futbol Zelaian izango dituzte korrikalariek. Masaje zerbitzua ere izango da korrikalarientzat.

Antolatzaileek herritarren parte hartzea goraipatu nahi izan dute, izan ere Zestoako 100 bolondres ariko dira lanean proba egunean eta antolatzaileek adierazi dutenez “bolondres horiek egiten dute posible proba hau”. Horretaz gain herriko merkatarien eta eragileen laguntza ere azpimarratu dute.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide