Albisteak

Bainuetxeko langileak berriro borrokan

Bainuetxeko langileak bizi duten lan egoera salatzeko kontzentrazioa egin zuten pasa den ostegunean, hilak 24, Donostiako Kursal parean. Turismoaren Mundu Erakundeko (UNWTO) goi-bileran egiten ari ziren Kursalean eta bertan zen Miguel Mirones, Bainuetxeko jabea.

Bainuetxeko langileek, zuzendaritzak Rajoyren lan erreformaz  baliatuz, lan baldintzak okertzea lortu zutela salatu dute. “Soldata %15 jeitxi digute, urteetako IPCak ere galdu ditugu, urtean 17 ordu gehiago lan egiten dugu, jai egunen balioa ere, %17 jeitxi genuen eta hitzarmenaren %15 eta langileen ordezkarien ordu sindikalak, 40 ordutik, 15 ordu izatera pasa dira besteak beste” azaldu dute langileek.

“2014, 2015, 2016 eta 2017 urteetan %90etik gorako batazbesteko okupazioa izan genuen, Gipuzkoan horrelako okupazio handia duen hotel bakarra gara. 2017an gainera, inoiz izandako irabazirik handienak izan ditu Tres Mares S.A. Zestoako Bainuetxea kudeatzen duen hotel kateak. Krisialdia hasi baino lehen, hiru bainuetxe zituen kateak eta gaur egun bederatzi ditu. Katea izugarrrizko  irabaziak izaten ari den arren, langileon lan baldintzak ez dira hobetzen. Lan hitzarmena ez dute errespetatzen, eta askotan nominak berandu ordaintzen dituzte eta urtetik urtera langile kopurua murrizten ari dira. Orain, gainera, lan egutegia kendu nahi digute, gurea den gauza bakarrenetako bat” adierazi dute beharginek. Langileek asanblada deitu dute bihar arratsaldeko 16:30etarako. Asanbladaren helburua egoera aztertzea izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide