Albisteak
Baratzeak eskuragarri dira Iraetako lursailean
— 2016-04-202013tik Zestoako Udalak 40 baratze dauzka Iraetan herritarrek erabiltzeko prestatua. Baratze horietatik 4 libre daude gaur egun, beraz herritarrentzako eskuragarri daude 4 sail horiek. Baratze bakoitzak 60 m2 ditu.
Udalak herritarrei urtebeteko lizentzia ematen die ortu horiek kudeatzeko, eta apirilean berritzen ditu Udalak lizentzia horiek (apirila baino beranduago eskuratuz gero baratzea lizentzia apirila arte izango litzateke). Horrela, orain garai aproposa da baratzeen lizentzia eskatzeko. Lizentzia eskuratu nahi duenak Udaleko Ingurumen Sailera jo behar du, 943147010 zenbakira deituta edo ingurugiro@zestoa.eus helbidera idatzita ere kontaktatu daiteke ingurumen sailarekin. Lursaila eskuratu nahi duenak gutxienez 6 hilabetez Zestoan erroldatuta egon behar du eta ezin du inolako zorrik izan Zestoako Udalarekin.
Herritarrek baratzea eskuratzen dutenean 20 euroko fidantza ordaintzen dute, baratzea uztean itzultzen da fidantza hori. Horretaz gain, baratzeen urteko kuota 50 eurokoa da. Lursaila eskuratzen dutenek, bertan dagoen txabola eta lanabesak erabiltzeko eskubidea dute. Erabiltzaileen artetik 2 pertsona arduradun izaten dira (6 hilabetero txandakatuz) eta arduradunek Udalaren eta erabiltzaileen arteko zubi lana egiten dute.
Ikastaroak erabiltzaileentzat
Udalak erabiltzaileei lursaila lantzeko eskubidea emateaz gain, formazioa ere eskaintzen die. Horrela, ikastaro batzuk antolatzen dira baratzeen erabiltzaileentzat. Duela gutxi, sartu berri diren erabiltzaile berrientzat, oinarrizko ikastaroa izan da. Horretaz gain, tomatearen zaintzaren inguruko ikastaroa izango da maiatzean, eta ekainean auzo konposta egiten ikasteko tailerra ere izango da. Ikastaro horiek printzipioz Iraetako baratzeen erabiltzaileentzat dira, herritarren batek ikastaro horietan parte hartu nahi badu ingurumen sailarekin hitz egin berako du lehenbizi. Honakoak izango dira ikastaroen datak:
Apirilak 29, ekainak 7 eta irailak 20. 18:00-19:30 – Furgobaratza
Bertara gerturatzen diren baratzezainei dituzten dudak argitzen lagunduko zaie, beraien baratzeetara joanez eta aholku emanez. Aldi berean, landare, hazi eta produktu ekologikoak erosteko aukera izango dute.
Maiatzak 6, 17:30-19:30 – Tomatearen tailerra
Tomatearen zaintza egoki baterako kontutan hartu behar diren aspektu guztiak aipatuko dira: landaketa, zaintza, kimaketa, ureztapena, produktuen aplikazioa…
Ekainak 21, 18:00-20:00 – Auzokonpost tailerra
Baratze Parkean dauden baratze hondarrak aprobetxatuz, auzolanean zatikatu eta konpost tontorra egingo da, aldi berean, barazkiak kaxotetan nola bota behar diren azalduz eta konposta nola egiten den erakutsiz.
Egin zaitez bazkide