Albisteak

Bargaztak talde feministak “3.000” BAIETZ!!!” ekimena sortu du Malen Etxearentzat dirua biltzeko

Joan den astean jakinarazi zuen Urola Kostako Hitzak Zestoako Malen Etxea aterpetxea ixteko arriskuan zegoela. Etxebizitzaren kanpoko berritzen lanak direla eta, 3.000€ko gastuari aurre egin behar die eta horretarako baliabide ekonomikorik ez dutela azaldu dute Malen etxeko kideek. Zestoako Bargazta talde feministak jakitera eman duenez, gastuari aurre egiteko bi ordainketa egingo dituzte eta lehena jada egina dute. “Horretarako, Zumaian duten lokalaren alokairua ordaintzeko dirua erabili dute. Orain, ordea, ez daukate alokairua ordaintzeko adina diru” salatu dute Bargaztek.

Egoera honen aurrean, Malen Etxeko kideak ekonomikoki laguntzeko asmoz, Bargaztak talde feministak, “3.000” BAIETZ!!!” ekimena sortu du. Egitasmo honen helburua, ahalik eta diru gehien bildu eta Malen Etxeko emakumeak euren babestokia manten dezaten ziurtatzea da. Horretarako, Erdikalean saldutako zozketen txartelekin jasotako dirua talde honetara bideratuko dute eta horrez gain, 5€ko bonoak jarriko dituzte salgai. Gainera, maiatzaren 12rako lasterketa solidarioa antolatu dute, “3.000” BAIETZ!!!”  lemapean. Lasterketa arratsaldeko 17:00etan irtengo da plazatik eta Sastarrainen amaituko da. Parte hartzaileek ibilbidea oinez zein korrika egiteko aukera izango dute. Dortsalak lasterketa baino astebete lehenago jaso ahal izango dira herriko tabernetan eta baita egunean bertan ere, 5€ren truke.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide