Albisteak

Bederatzigarren aldiz egingo da aurten Ekainfest

Gaur goizean egin da Ekainberrin Ekainfest iragartzeko prentsaurrekoa. Aurtengo Ekainfest 2018 egitarau zabalaz eta indartuaz dator. Bederatzigarren edizio hau ekainaren 23an ospatuko da. Zestoa eta Sastarrain bailara, historiaurreko bizimodua eta xarmaz gozatzeko festa gune bihurtuko da egun guztian zehar “Bizi prehistoriaren xarma” lemapean.

 

Zestoako Udalaren babesarekin, Ekainberri, Lili Jauregia, Sastarrain baserri eskola, Zestoako Bainuetxea, Zestoan Merkatari Elkartea eta Zestoako tabernariak ari dira elkarlanean. Antolaketa taldeak hilabeteak daramatza lanean egitarau zabala eta ikusgarria antolatzeko helburuarekin.

 

Egitarau zabala izango du aurtengo Ekainfestek: Zaldiak bailaran zehar, gastronomia, esperientzia prehistorikoak Ekainberriko kanpamenduan, bisita bereziak doan, tren txu-txua Zestoako hainbat guneetatik, tabernetan pintxo tourra, Historiaurreko V. Olinpiadak, “Txapela buruan eta dantza munduan” ikuskizuna, parrillan prestatutako pintxoak, musika, herri afaria… eta San Joan sua, txistulariek eta dantzariek alaituta.

 

Aurtengo Olinpiadek berezitasun bat izango dute, ez da urtero bezala talde ezberdinen arteko lehiaketa bat izango, talde bakar bat izango da, urteroko “beteranoez” eta Ekainberriko lan taldeak osaturikoa eta hauek errekreazio moduko bat egingo dute, garai hartako bizimodua erakutsiko duen ikuskizun moduko bat izango da.

Beste berrikuntza bat herri afaria izango da. San Joan bezperan izango denez, eta urtero egun horretan sua egiten denez, antolatzaileek herritarrentzat pentsatuta, Ekainfest eta sua bitartean lotura egingo duen afari bat antolatu dute. Helduentzako menua (17 €): entsalada mista, iberikoak, txerri kostila parrilan, askotariko tarta eta edaria (ardo beltza, txuria edo gorria, eta sagardoa) eta gazteen menuan (11 €) patea, kroketak, hanburgesak patatekin, izozkia eta edaria (ura freskagarriak) izango dira. Tiketak Turismo bulegoan eta udaletxean salgai daude dagoenekoz eta ekainaren 20a bukatuko da txartelak erosteko epea. Horrez gain, Sastarrainen Ekainfest menu berezia eskainiko dute eguerdian 20 eurotan eta harrentzako menua 8 eurotan eta Agustin tabernak ere eguneko menua eskainiko du 18 eurotan.

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide