Albisteak

Beharra duten ikasleek laguntza izango dute Bidelaguna egitasmoari esker

Eskolan laguntza behar duten ikasleei bideratutako errefortzu saioak izango dira urritik maiatzera bitartean.

Ikasturte berriarekin batera Zestoako Herri Ikastetxean Bidelaguna egitasmoa jarri da martxan. Egitasmo honi esker, eskolan laguntza behar duten ikasleek eskolaz kanpoko ordutegietan laguntza jasotzeko aukera dute. Eskolak erabakiko du, beharraren arabera zein ikasle joango diren laguntza edo errefortzu saio horietara, eta baita iraupena ere. Izan ere zenbait ikaslek kurtso osoan zehar beharko dute laguntza eta beste zenbaitzuk hilabete gutxi batzuetan.
Bidelaguna egitasmoa urritik maiatzera bitartean egongo da martxan herriko eskolan eta aurreko astean hasi ziren saioak. Astelehenetik ostegunera izango dituzte ordu beteko errefortzu saioak. Hiru talde hasi dira saio hauetan, eta eskolak aukeratutako hiru hezitzaile izango dira eurekin eskolako lanekin laguntzen.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak bideratzen duen egitasmoa LHko hirugarren zikloko eta DBHko lehenengo zikloko ikasleei bideratua dagoen arren, Zestoako eskolan LHko bigarren zikloan ere hasi dira saio hauek egiten. Zestoako Udalak, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bidez finantzatuko du bigarren zikloko ikasleen errefortzu saio hauek martxan jartzea, lehenagotik hastea lagungarria izan daitekeelako.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide