Albisteak

Belako taldea izango da Zestoan irailaren 11n

argazkia: Sharon López

“Udan zer Zestoan’” egitaraua aurrera doa, eta erabat zehazteke zeuden emanaldiak ere finkatuta daude dagoeneko. Kultura sailetik jakinarazi digutenez, Manitu taldearekin batera irailaren 11n, larunbatez, joko duen taldea Belako izango da.

Aurretik, ordea, beste kultur eta kirol jarduera ugari ditugu herrian, hala nola, Aizarnako ekitaldiak, gaztetxoentzat ikuskizunak, kirol ekintzak, zinea, dantza, musika ugari…

Udalak herritarrei gogorarazi nahi die, zenbait ekitaldietarako ezinbestekoa dela aurrez izena ematea eta zenbait kasutan sarrera ordaintzea. Abuztuaren 28ko Bulego + Nøgen taldeen kontzertuetarako, irailaren 4ko Zea Mays eta irailaren 11ko Manitu + Belako taldeen kontzertuetarako izen ematea nahiko ondo doala jakinarazi du Kultura Sailak, baina abuztuaren 20rako Trikidantz taldearen emanaldirako leku asko dago oraindik, eta, beraz, izena ematera gonbidatzen dituzte herritarrak. Horretarako, Zestoako Turismo Bulegora bertaratu behar da edo telefono honetara deitu: 943 86 88 12.
Abuztuaren 20ra arte, Zestoan erroldatutakoek bakarrik eman ahal izango dute izena, Trikidantzen emanaldirako izan ezik. Azkenik, berriro ere, Zestoako Udalak eskerrak eman nahi dizkie egitarau hau egiten, auzolanean, parte hartu duten guztiei.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide