Albisteak

Benantzio Larrartek 100 urte egin ditu

Gaur, maiatzak 18, egin ditu Benantzio Larrarte Gonzalezek 100 urte. Hori dela-eta, esku-erakutsia egiten izan da Zestoako alkatea Benantzio bizi den Donostiako egoitzan.

Benantzio Larrarte Gonzalez Zestoako Txiriboga auzoan jaio zen. Txiki-txikitan, Miserikordiara (gaur egun San Joan Egoitza) ekarri zituzten bera eta bere arreba zena Kontxita. Geroztik, apaiz egin zen bata eta moja bestea, eta Zestoatik kanpo bizi izan ziren. Benantzio, besteak beste, Arabako zenbait herritan (Alaiza, Gauna…) izan zen apaiz 1940ko hamarkadan. Geroago, Nuarben ere egon zen apaiz eta bera arduratu zen kanposantuko obrak egiteaz (igeltsero lanetan ere ibili omen zen han). 1960ko hamarkadan, Loiolako (Donostia) moja komentu bateko kapilau izan zen, beste hainbat arduren artean, eta 70eko hamarkada amaieran, Zestoara etorri zen, Miserikordiako mojak alde egin eta etxea Zaharren Egoitza bihurtzea erabaki zutenean.

Garai haietan, Lasaoko kapilau izan zen eta handik urte batzuetara, Zaharren egoitzakoa ere bai. Horrez gain, Zestoan bertan ere eman ohi zuen meza eta apaiz-zerbitzua. Lasaon, Benantziori esker, berrikuntza dezente egin ziren hango kapera eta eliz-eraikuntzatan.

Benantzioren arreba, Kontxita, Zaharren egoitzaren arduradun edo zuzendari izendatua izan zen eta urte askoan jardun zuen han lanean. Gero, arduradun kargua utzitakoan ere, urte dezentetan han egoitzan bertan bizi izan ziren Kontxita eta Benantzio.

Duela urte batzuetatik hona, Donostiako Elizbarrutiko egoitza batean bizi da Benantzio (bere arreba ere bai, hil zen arte) eta han bisitatu du alkateak, gaur eguerdian.

Argazkia: Benantzio, Jesus Mari Arroitaonaindia (Benantzioren laguna eta bitartekari lana egin duena), Jose Frantzisko Mendizabal (alkatea) eta Prudentzio Auzmendi, Aizarnako erretore ohia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide