Albisteak

Beñat Etxabe: “Maila honetako musikariak entzuteko aukera gutxitan izaten da”

Beñat Etxabe musikaria

Arin-arina, folk estiloko abestiak edota inprobisazioak eskainiko dituzte biharko saioan. Bertaratu nahi dutenek oraindik izena emateko aukera dute 943 868 812 telefonora deituta.

Thierri Biskary musikariak kontzertua eskainiko du bihar, ostirala, arratsaldeko 19:00etan hasita, kiroldegian. Zazpi musikari igoko dira Biskaryrekin batera oholtza gainera, horien artean, Beñat Etxabe zestoarra.

Biskaryren Manez eta kobreak, Manez eta Muda diskoetako kantak izango dira entzungai biharko kontzertuan. Beñat Etxabek azaldu digu, era guztietako instrumentuak entzun ahal izango direla: ukelelea, saxoa, bonbardinoa, tronpeta, perkusioa eta beste hainbeste. Thierry Biskary Kalakan edota Oreka TX bezalako taldeetan aritu izan da eta biharko ikuskizunean parte hartuko duten musikariak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan edo erromeria talde ezagunetan ibiliak dira.

Etxaberen esanetan, kontzertuko doinuak “entzuteko errazak” dira, doinu “polit eta lasaiak”. Arin-arina, folk estiloko abestiak edota inprobisazioak eskainiko dituzte biharko saioan. Euskal Herri mailan hainbeste instrumentu biltzen dituen ikuskizun oso gutxi daudela nabarmendu du musikariak: “Maila hontako musikariak entzuteko aukera gutxitan izaten da, eta herrian gutxiago”.

Herritarrak kontzertura gonbidatu nahi izan ditu Etxabek. Izena emateko epea oraindik zabaldik dagoela gogorarazi du. Kontzertua doakoa izango da eta bertaratu nahi dutenek turismo bulegora deitu beharko dute (943868812).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide