Paperekoa

BI ISPILU – Aimar Etxeberria

Herri mugimenduetan aspaldidanik gabiltzanok ezagutzen dugun sentsazio baten inguruan hitz egin nahi dizuet. Urduritasunetik apur bat duen sentsazioa da, baina beste horrenbeste dauka ilusiotik ere. Ekimen bat antolatu edo deialdi bat egin ostean haren erantzuna ikusi arte izaten den sentsazioaz ari natzaizue, ekimen edo deialdiak jasotzen duen erantzunaren arabera modu batera edo bestera eraldatzen den sentsazioaz. Eraldaketa horren zergatia neurgailu baten araberakoa izan ohi da: zenbat eta jende gehiagok babestu ekimena edo deialdia are modu positiboagoan eraldatuko da aurrez azaldu sentsazioa, eta alderantziz.

Zertara dator, baina, azalpen hori? Egoera baten aurrean jarriko zaituztet. Martxoaren 22a da eta eraso jihadista batek dozenaka hildako eragin ditu Bruselan. Loak hartu aurretik azken errepasoa ematen diet sare sozialei, eta Zestoako Udalaren mezu batekin aurkitu naiz: “Elkarretaratzea izango da Bruselako atentatuak gaitzesteko”. Biharamunean egingo da elkarretaratzea, 12.00etan plazan. Egun horretarako, baina, bazen beste elkarretaratze baterako deialdia, Astinduk errefuxiatuak pairatzen ari diren giza eskubideen urraketak salatzeko egina.

Eta, loak hartze horretan, hainbat galdera datozkit burura: nori dago zuzenduta eguerdiko 12.00etako elkarretaratzea? Ba al da herrian bi elkarretaratzeri erantzuteko adina masa kritikorik? Zer dute komunean bi deialdiek? Eta biek hainbat elementu komun dituztela jakinda, zergatik ez dira indarrak batzen eta bi deialdiak batean biltzen? Biharamunak zalantza guztiak uxatu zizkidan.

Dozena bat lagun Udalak deitutako elkarretaratzean, Danbolinen argazkiaren arabera, Udaleko zenbait zinegotzik eta jubilatu talde batek osatua. Dozenaka batzuk, aldiz, Astinduren deialdiarekin bat eginez. Kontuak kontu, uste dut badela elkarretaratzeen arrazoia, zilegiak biak ala biak ere, eta bakoitzak jasotako erantzuna baino garrantzia gehiagoko aldagairik. Egiteagatik egina izan zen lehenbizikoa, Eudelen ekimenari jarraiki, barruak hala aginduta bigarrena. Urduritasunik eta ilusiorik ez zen nabari lehenbizikoan, sabelean tximeletak eragiten zituen bigarrenak. Sentsazio eraldaketarik ez zuten pairatu batzuek, ongi eginiko lanak uzten duen zapore gozoa dastatu zuten besteek. Horra hor bi adibide, bi eredu, egin behar denaren eta ez denaren bi ispilu.

Aimar Etxeberria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide