Pazko Jaia Aizarnan 2026

Aspaldiko ohitura dugu Aizarnan Pazko bigarrenari dagokion jaia ospatzea. Jai honek erro handia izan du herrian, eta oraindik ere ospatzen jarraitzen dugu.

Artxibo batean irakurri nuen 1750. urte inguruan ere Pazko bigarren egunean erromeria egiten zela herrian. Aizarna bailarara egur ikatza egitera etorritako gazte ugari hurbiltzen omen zen bertara. Bi gizonen arteko liskarra egon omen zen eta epaitegira jo zutenez hau izango da arrazoia artxiboetan jasota izateko. Honelako auziak artxiboetan gordeta gelditzen baitziren.

Baliteke jai honek gaur egun garai batean izan zuen garrantzia ez edukitzea, baina hainbeste erromeria eta jai ospatzen ditugun honetan, ohitura honi euste hutsa ere balioan jarri beharrekoa dela esango nuke.

Dena den, nik ere urteroko ohiturari jarraituz, lerro hauen bidez egunari gainbegiratu bat egitea dut helburu. Jasotako argazkiekin lagunduta, bertara hurbiltzerik izan ez duenarentzat eskuragai geldituko da, eta baita etorkizunerako ere.

Eguraldi paregabearekin ospatutako jai egun hau lau oinarritan banatuko nuke: bazkaria, artisau azoka, erromeria eta umeen jolasak.

Bezperan burruntzi handi bat muntatu zuten plazan, eta goizean goiz hasi ziren arkumeak erretzen. Usain gozoa zabaldu zen plaza osoan barrena. Ez dakit zenbat bazkaltiar elkartu ziren arkume hauek dastatzera, baina plaza bete egin zen, eta zoriondu beharra dago erretzaileek lortutako emaitza ikusita.

Artisau azoka goiz osoan egon zen plazan. Gauza polit asko zeuden bertan; artisautzak badu bere mundua nonbait. Begiak gozatzeko nahiz erosi nahi zuenari aukera paregabea eskaini zitzaion.

Trikitiak alaitu zuen bazkaria eta ondorengo orduetan ez nuen umore faltarik sumatu; kantuz bete zuten herria, eta ezin ukatu benetan giro atsegina egon zela.

Jolasekin ere ikuskizun polita izan zen plazan. Haurrak eta gazteak izan ziren parte-hartzaile toka eta txapel jaurtiketan. Haur ugari ikusi nuen jolasean, eta ziur egun hau luzaroan izango dutela gogoan.

Amaitzeko, esan behar dut gaur egun haurrak direnak berehala bihurtzen direla gazte, ea aspaldiko jai honi jarraipena emateko gai izaten diren.

Jon Egiguren

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide