Apirila 2026
— 2026-05-04Irakurri 281. zenbakia hemen.

Argiolak Aizarna eta Arroabeko instalazio fotovoltaikoen saretzea martxan dela eta, erabiltzaileei zuzendutako batzar informatiboak antolatu ditu datozen asteetarako. Horrez gain, kooperatibaren urteko Batzar Orokorra ere deitu dute ekainerako, eta komunikazio bide berri bat ere jarri dute martxan.
Batzar informatiboak
Arroabeko batzarra ekainaren 3an izango da, 18:00etan, Elkargunean. Aizarnakoa, berriz, ekainaren 18an egingo dute, 18:00etan, Kontzejuan. Bi saioetan instalazioen egoeraren eta funtzionamenduaren berri emango dute, autokontsumoak argindar fakturetan duen eragina azalduko dute eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko tartea ere eskainiko dute. Antolatzaileek faktura eta kontratu berria eramatea gomendatu diete parte-hartzaileei, azalpenak adibide errealekin egin ahal izateko.
Bazkide batzarra
Bestalde, Argiola Kooperatibaren urteko Ohiko Batzar Orokorra ekainaren 10ean egingo dute, 18:30ean, Alonderon. Bertan 2025eko kontuak aurkeztu eta onartuko dituzte, eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako erronkak eta proiektuak azalduko dituzte.
Informazio kanala
Komunikazioari dagokionez, WhatsAppeko kanal berria ere martxan jarri du Argiolak. Posta elektronikoaren osagarri izango den kanal horren bidez, komunitatearen jardueren, deialdien eta bestelako berrien berri emango dute aurrerantzean. Gainera, gogorarazi dute apirilean argitaratutako Energia olak argia ikusi du bideoa ikusgai dagoela.