Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Lauzpabost urte igaro dira Argiola, Zestoako energia berriztagarrien kooperatiba, sortu zenetik. Ordutik, eguzki plaken bitartez energia berriztagarria sortzeko hainbat proiektu abiatu dituzte, baita dozenaka eta dozenaka bazkide lortu ere. Proiektuak herrigunean zein auzoetan garatu dituzte, eta horietako biek dagoeneko argia ikusi dute. Hain zuzen ere, Aizarnan eta Arroabean plaka fotovoltaikoak martxan daude jada. Zestoan eta Iraetan ere eguzki plaken instalazioak jarrita badaude ere, oraindik ez daude martxan.
Aiala Etxabe eta Joanes Berasategi Argiolako kideek orain arte egindakoa eta aurrera begirako asmoak azaldu dizkigute bideo honetan. Halaber, kooperatibako bazkide erabiltzaileak diren Joxe Arregi, Aitziber Ollakindia eta Miriam Aizpururekin ere elkartu gara, eta haien esperientziak partekatu dizkigute.