Albisteak

Gaztelekuak azarorako egitaraua aurkeztu du

Zestoako Gaztelekuak azarorako prestatu duen egitaraua aurkeztu du. Hilabete honetan ere adin guztietako haur eta gaztetxoentzako hainbat jarduera izango dira herrigunean zein auzoetan. Jolasak, sukaldaritza tailerrak, ipuin kontaketak eta bestelako ekintzak antolatu dituzte.

Herriguneko Gaztelekuan, 10 eta 11 urte bitarteko gaztetxoek ostegunetan izango dituzte saioak, 16:30etik 19:00etara. Azaroaren 5ean eta 19an jolas librea izango dute; hilaren 12an fruta-irabiakiak prestatzeko sukaldaritza tailerra egingo dute, eta 26an Olentzeroak egiteko izen-emateak izango dira.

12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoen txanda, berriz, ostiraletan eta larunbatetan izango da, 16:00etatik 19:30era. Azaroaren 6an eta 7an jolas librea izango dute, 13an eta 14an sukaldaritza tailerra, 20an eta 21ean berriro jolas librea, eta 27an eta 28an Olentzeroak egiteko izen-emateak.

Haur txikienentzako ekintzak ere prestatu dituzte. Barbantxo aisialdi taldeak jolas saioak antolatu ditu 4 eta 5 urtekoentzat azaroaren 11n eta 25ean, eta 6 eta 9 urtekoentzat hilaren 13an eta 27an. Saioak 17:00etan izango dira Gaztelekuan.

Horrez gain, Kontaidazu ipuin bat ekimenaren barruan, azaroaren 3an 3 urteko haurrentzako saioa izango da, eta hilaren 17an 4 eta 5 urtekoentzat. Azken saio hori 17:30ean egingo dute liburutegian. Bestalde, azaroaren 15ean Go!azen telesailaren denboraldi berriaren estreinaldia ikusteko aukera izango da Kultur Etxean.

Auzoetan ere izango dira ekintzak

Arroabean, Txepetxa aisialdi taldeak jolasak antolatu ditu azaroaren 13rako eta 27rako, Elkargunean. Aizarnan, Barbantxoren jolas saioak hilaren 13an eta 27an izango dira, 17:00etan kultur etxean; eta Iraetan, azaroaren 6an eta 20an, 17:00etan elkartean.

Arroabean, gainera, azaroaren 8an Arroa Bira mendi ibilaldia egingo dute, hilaren 15ean Artisau eta Baserritar Azoka izango da, eta 27an Azalerako ipuinak saioa eskainiko dute 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat.

Jolas saioetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Barbantxoren jardueretarako 688 684 029 telefonora deitu daiteke, eta Arroabeko Txepetxaren saioetarako txepetxaaisialdiakm@gmail.com helbidera idatzi.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide