Albisteak

Agiro Mendi Klubak Mendi Astea antolatu du datorren asterako

Azaroaren 10etik 15era bitartean egingo da aurtengo Mendi Astea. Bi ikus-entzunezko emanaldi, mendi ibilaldi bat eta BTT zeharkaldia antolatu dituzte.

Agiro Mendi Klubak datorren asterako antolatu du Mendi Astea, Zestoako Udalaren laguntzarekin. Azaroaren 10ean hasi eta 15era bitartean, mendizaletasunarekin lotutako hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Egitaraua asteartean, azaroaren 10ean, hasiko da, 18:30ean Alonderon. Mikel Irurek Denali, McKinley (Alaska), orain dela 32 urte filma eskainiko du. Ostiralean, azaroaren 13an, ordu eta leku berean, Agiro Mendi Klubeko kideek 3.000 ibones zeharkaldia aurkeztuko dute.

Asteburuan, berriz, mendira ateratzeko aukera izango da. Larunbatean, azaroaren 14an, Mendikute gailurra eta gaztelua zeharkatuko dituzte. Irteera 08:30ean izango da, Gurutzetik abiatuta.

Igandean, azaroaren 15ean, BTT zeharkaldia egingo dute, Rubio-Iraolagoitiaren omenez. Parte-hartzaileak 09:00etan abiatuko dira Gurutzetik.

Azaroak 10, asteartea
+ 18:30ean, Alonderon.
+ Denali, McKinley (Alaska), orain dela 32 urte filmaren emanaldia. Mikel Irure.

Azaroak 13, ostirala
+ 18:30ean, Alonderon.
+ 3.000 ibones zeharkaldiaren aurkezpena. Agiro Mendi Klubeko kideak.

Azaroak 14, larunbata
+ 08:30ean, Gurutzetik abiatuta.
+ Mendikute gailurra eta gaztelua zeharkaldia.

Azaroak 15, igandea
+ 09:00etan, Gurutzetik abiatuta.
+ BTT zeharkaldia, Rubio-Iraolagoitiaren omenez.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide