Urria 2026
— 2026-10-29Irakurri 286. zenbakia hemen.

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Tres Mares S.A. enpresaren aurka aurkeztutako auzian. Hala, ebatzi du Zestoako Bainuetxeko langileei Gipuzkoako ostatuen sektoreko hitzarmen kolektiboa aplikatu behar zaiela.
Sindikatuak demanda jarri zuen bainuetxeko langileei hitzarmen horretan jasotako lan-baldintzak aitortzeko eskatuz. Lehen instantzian eskaera ezetsi bazuten ere, ELAk erregutze-errekurtsoa aurkeztu zuen, eta orain EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bere alde egin du. ELAk azaldu duenez, hitzarmen berria aplikatzeak langileen lan-baldintzak nabarmen hobetzea ekarriko luke. Besteak beste, soldatak %50 igoko lirateke eta urteko lanaldia 21 ordu murriztuko litzateke, 35 ordu gela-zerbitzarien kasuan. Dena den, epaia ez da irmoa, eta Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkezteko aukera dago oraindik.
ELAk “pozik” hartu du ebazpena, eta gogorarazi du aspaldidanik salatzen dituela bainuetxeko langileen lan-baldintzak, bere ustez prekarietatera kondenatzen dituztelako. Era berean, langileei sindikatura jotzeko deia egin die, epaiaren ondorioz egokitu dakizkiekeen soldata-aldeak berrikusteko.