Albisteak

Bidegorria amaitzearen aldeko martxa egingo da urriaren 28an

Iraetatik Narrondora doan bidegorri zatia amaitzea eskatzeko martxa antolatu da Urriaren 28an. Izan ere, zati hori bakarrik falta da Urola bailarako sare osoa, Legazpitik Zumaiaraino, lotzeko. Martxak bi zutabe izango ditu:

  • Lehenengoa Lasaotik abiatuko da 10:30ean, ondoren Zestoa eta Iraetatik pasa eta Arroako autopistako biribilguneraino joateko.
  • Bigarren zutabea, berriz, Zumaiako beheko plazatik abiatuko da 11:30ean, eta Narrondo eta Arroatik igaro ondoren autopistako biribilgunean elkartuko da Lasaotik datorren zutabearekin.

Horrela, 12:30ean ekitaldia egingo da Arroako autopistako biribilgunean. Ondoren, festa izango da Arroan, musika eta pintxoekin, besteak beste.

“Arroako auzotarrok, aspaldi hasi genuen Urola Bailara osoa elkartuko lukeen, eta ondorioz, gure herri txikia inguruko beste herriekin lotuko lukeen Bidegorriaren aldeko borroka. Duela urtebete, proiektua bere horretan geratuta zegoela ikusita, gure aldarrikapenean indarrak biderkatu eta kalera irtetea erabaki genuen” adierazi dute Arroako Bidegorriaren aldeko taldekoek.

“Hasiera hasieratik argi izan dugu gure indarrak bi norabideri erantzutera jarri behar genituela. Alde batetik, instituzioetako bidea, Zestoako eta inguruko udaletxeak, Batzar Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundia… Urtebete honetan instituzio guzti horietako ateak jo ditugu eta hitz politak baino ez ditugu entzun: gu entzuteko prest daudela, bidea amaitu beharrarekin ados daudela… baina errealitatea da hitz polit horiek ez dutela atzetik inongo ekintzarik ekarri.

Bestetik, aldarrikapena kalera ateratzeko bidea egiten ari gara. Bidegorria amaitzea ez da soilik arroarroi eragiten digun gaia, eta honenbestez, bailarako beste hainbat eragilerekin elkarlanean aritu behar genuela argi geneukan. Horrekin lotuta, aipatzekoa da Urriaren 28ko martxa Zestoako Astindu elkartearekin elkarlanean antolatu dugula, eta bailarako beste elkarte askoren babesa eta atxikimendua jaso dituela. Honenbestez, herritarrei dei egiten diegu martxan parte hartu eta bidegorria behingoz amaitu behar dela aldarrikatzera”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide