Albisteak
[BIDEOA] 1937ko otsaila hura
— 2018-02-10Badira urte batzuk Danbolinen memoria historikoari lotuta gerra garaiko testigantzak jasotzen hasi ginela. Gudari eta emakume haietako asko ez daude gure artean gaur egun baina beraien seme alaba batzuk bai eta hauen testigantzak lehen pertsonan jasotzeak garrantzi handia du guretzat. Otsaileko zenbakian Ibon Ibargurenek Frankismoaren errepresioaren ondorioz herritik kaleratuak izan ziren emakume eta haurrei buruzko artikulua ekarriko digu. Bideo hau aurrerapentxo bat besterik ez da.
Joxe Etxeberria Arroan bizi zen gerra lehertu zenean, bere aitak Portlan fabrikan egiten zuen lan eta beste zenbait lankiderekin batera gerrara joateko erabakia hartu zuen. 1937an bere ama eta 2 urteko Joxe Arroatik kanporatuak izan ziren kamioi baten sartuta lankide hauen beste emazte eta haurrekin batera.
Zestoan, gaurko egunez gauzatu zen kanporaketa, 1937ko otsailaren 10ean kanporatu zituzten lehen emakume eta haurrak eta otsailaren 12 eta 13an Iraeta, Arroa eta auzoetakoak.
Datu zehatzik ez badago ere, gutxi gora behera Gipuzkoan 750 pertsona inguru kanporatu zituzten frankistek, horietako asko gure herrikoak.
Danbolinek testigantzak jasotzen jarraitu nahi du eta asko eskertuko genuke honen inguruko informaziorik izango balu, etxeko zaharrenei entzundakorik edo paper zahar edo argazkiren bat izango balu norbaitek gurekin harremanetan jartzea. Denon artean historiaren zati bat berreskura dezagun.
Egin zaitez bazkide