Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Astebete baino falta ez denean 24. Korrika hasteko, herria girotzen hasi ziren atzo hainbat herritar. Zestoako AEK Euskaltegiak antolatuta, askotariko mozorroak soinean, entrenamendu saio berezia egin zuten. Izan ere, entrenamendutik baino gehiago, festatik izan zuen hitzorduak.
18:00etan, Gisasola parean elkartu ziren parte-hartzaileek mozorro elementuak janztea izan zuten lehenengo lana. Korrika saioa hasi aurretik, Agiro Mendi Klubeko Mikel Irurek gidatutako beroketak egiteko tartea hartu zuten. Behin denak prest, eta lekukoaren ordez saltxitxoia eskuetan hartuta, Arozenarainoko bidea egin zuten Ander Iribar (Orbel Explore) eduki sortzailearen gidaritzapean. Korrikako kantuak megafoniatik jarrita eta “tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!” ozen oihukatuz, auto batek ireki zuen bidea amaieraraino. Horrenbestez, prest dira jada herritarrak hilaren 25ean Arroabetik eta 28an herrigunetik pasatuko den euskararen korrika erraldoian parte hartzeko.



