[BIDEOA] Joseba Rios Amalda III kobaren inguruan
— 2022-11-12Asteartean hasiko da Zestoako Arkeologia Astea. Joseba Rios Bizkaiko Arkeologi Museoko ikerlariak “Amalda III, Altzolarats (Zestoa): Zestoako Neanderthalak ezagutzen” hitzaldia eskainiko du arratsaldeko 19:00etan hasita. Riosek indusketa kanpaina oso emankorra zuzendu du Amaldako haitzuloan. Gipuzkoan oso gutxi dira Neandertalen presentzia frogatua izan den aztarnategiak, eta hau da horietako bat. Bertan, Erdi Paleolitoan ondo kontserbatutako okupazio-maila dagoela egiaztatzen duten faunaren laginak eta harrizko industriaren aztarnak berreskuratu dira. Amaldako aztarnategiko gai interesgarri eta eztabaidatuena zera da: bertan aurkitutako fauna-aztarnen jatorria. Gaiari buruzko argibideak emango ditu Riosek saioan.
Ostegunean “Errinozeroak, hienak, elur-oreinak eta hartzak Urolako Bailaran? Zestoako Baio eta Amabiturrietako aztarnategiak” hitzaldia eskainiko du Asier Gomez EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileak. Astearekin amaitzeko, Antxieta Arkeologoa Taldearen eskutik, Zestoa eta inguruko bailarako historiaurreari buruzko erakusketa izango da ikusgai udaletxe azpian. Azaroaren 20an izango da hitzordua goizeko 11:00etatik eguerdiko 15:00etara bitartean.
Joseba Riosekin izan gara Altzolarats bailaran. Hemen bideoa: