[BIDEOA] Mikel Arregi alkateak koronabirusak eragindako egoeraz hitz egin du

Zestoan momentuz diagnostikatutako positiborik ez badaukagu ere Urola bailaran agertzen hasi direla eta itxura guztien arabera ordu edo egunetako kontua izango dela hemen ere kasuren bat izatea esan du Mikel Arregi alkateak. “Zentzuz jokatu beharra daukagu. Osasun sistemaren kolapsoa saihestu behar da eta horretarako. bitartekorik eraginkorrena etxean gelditzea da, erosketa kopuruak zainduz”.

Jakinarazpen konkretuak ere egin ditu:

1.-Positiboren bat balego, osasun ikuspegitik gaixoak Osakidetzak kudeatzen baditu ere, udalak bere prebentzio neurriak hartu behar dituela eta lehenbailehen positibo horien berri jakitea eskertuko luketela esan du eta udalera deitzeko (943 147 010) eskatu du, hondakin bilketa berezia egiteko.

2.- Udala itxita badago ere baliabide guztiak martxan dituela.

3.- Zergei dagokionez epe administratibo guztiak etenda daudela eta iraila arte atzeratuko direla.

4.- Bolondresen sarean berrogei bat lagun lanean ari direla.

Eskerrak emanez bukatu du; giroa eramangarriago egiten ari direnei, dendariei ematen ari diren zerbitzuengatik, egoera zaila bizitzen ari diren zaharren egoitzei besarkada handi bat bidali die eta eskerrak eman dizkie bolondresei ere. Egoera hunkigarria dela eta arro egoteko moduko herria dugula esanez bukatu du bideoa.