[BIDEOA] Zestoako EAJk agerraldia egin du udal aurrekontuei emandako ezezko botoaren zergatiak azaltzeko

Pasa den astean onartu ziren Zestoako Udalaren 2023ko aurrekontuak, EH Bilduren aldeko sei boto eta EAJren aurkako bost botorekin. EAJko udal taldeak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo arratsaldean erabakiaren zergatiak azaltzeko. Era berean, Garikoitz Mendizabal EAJko udal taldeko buruak alkateak urtarrilaren 30ean egindako adierazpenak ere izan zituen hizpide.

Mendizabalek adierazi zuen azken lau urtetako aurrekontuetan hainbat gauza adostu zituztela EH Bildurekin. Haren arabera, hitzartutakoak “egia ez dira bihurtu” eta ondorioz, aurtengo aurrekontuei ezezko botoa ematea erabaki dute. EH Bilduk arlo sozialera bideratutako partida “ontzat jotzekoa eta txalotzekoa” dela esan zuen jeltzaleak, baina beste partida batzuk “motz” gelditu direla iritzi du. Udal Gobernuak zenbait gai kudeatzerako orduan izandako jarrerarekin kritiko agertu zen Mendizabal; hala nola, Euskalit programarekin egindako prozesua, kultur azpiegituren gaia, Zubimusuko aisialdi guneko proiektua edo kiroldegiaren estalkiaren proiektuaren inguruko informazioa jasotzeko modua.

Kultur azpiegituren gaiari “modu integralean” ez erantzutea leporatu dio Mendizabalek EH Bilduri: “Kultur azpiegituren inguruan egindako galdeketak erakutsi digu herri honek ze premia dituen eta EH Bilduk ez dauka horri modu integralean erantzuteko asmorik”.  Kiroldegiko estalkiaren lanen berri batzar tekniko-politiko batean izan zutela azaldu zuen Mendizabalek, “ez zaigu iruditzen momentua zenik eta aurrerago gurekin hartutako konpromisoa ezertan gelditu zen modu horretan” esan zuen. Zubimusuko aisialdi guneko proiektua ere izan zuen hizpide oposizioko buruak, eta proiektua “motz” gelditzen dela adierazi zuen.

Euskalit programarekin egindako prozesua ere kritikatu zuen jeltzaleak:  “Kontrastea egin zen eta handik ona ez dago aurrera egiteko asmorik. Orain alkateak esan digu eredu horri udaletara baino beste motatako erakundeetarako gehiago bideratuta dagoela. Gure ustez ez zaizkio gustatu emaitzak eman dutena eta ez dago prestatuta talde lanean lan egiteko. Postureo garbi bat erakutsi du eh bilduk, askotan egin duen moduan”.

Alkatearen adierazpenei erantzuna

Mikel Arregi alkateak joan den astean egindako adierazpenak “lau hitzetan” labur daitezkeela esan zuen Mendizabalek “EEE, elkarlana, plagioa eta erridikuloa”. Euskal Energia Erakundeak Zestoako EAJk Osinbeltzen egin nahi duen proiektua aztertzeko agertutako prestutasuna erakutsi izana gaitzetsi zuen urtarrilaren 30ean alkateak. Mendizabalek azaldu zuen gobernuan edo oposizioan egon, beren zeregina “herritarren onerako diren proiektuak lantzea” dela. “Azterketa bat eskatu dugu, emaitza batzuk emango ditu eta jakinaraziko ditugu. EEE erakunde publikoa da. Bitartean EH Bilduk Goiener enpresa pribatuarekin egin du hitzarmena. Guk ez dugu hau kritikatuko, baina, non da publikotasunaren aldeko aldarri sutsua?” galdegin zuen.

Bestalde, alkatearekin elkarlana “ezinezkoa” dela nabarmendu zuen: “Askotan salatu dugu bere prepotentzia eta despotismoa”. Arregik EAJri plagioa egin izan leporatzea “oso bitxia” iruditu zaiela esan zuen Mendizabalek: “Parez pare jarri ditugu EH Bilduk 2019an hauteskunde programan jartzen zituenak eta EAJ aurkeztu genuena, nork egin dio plagio nori?”. EAJ hauteskundeei aurre egiteko “gogotsu” dagoela esanez amaitu zuen prentsaurrekoa Mendizabalek: “Gogotsu gaude tokian tokiko zailtasun eta beharrei heltzeko eta hauteskunde programa txukun, erakargarri eta egingarri bat prestatzeko. Baina batez ere, kudeaketa hobeago bat egiteko prest gaude, herri honek merezi du”.