[BIDEOA] Mikel Arregi: “Denok dakigu ze garaitan gauden eta zentzu pixka bat eskatzen dugu”

Zestoako EAJk joan den ostiralean Osinbeltz gunerako aurkeztutako proiektuaren inguruko balorazioa egiteko prentsa agerraldia egin du gaur goizean Udal Gobernuak. Zestoako EAJren hautagaiak eta Iñigo Ansola EEEren zuzendari nagusiak egindako adierazpenek “puntualizazio bat” eskatzen dutela azpimarratu du alkateak.

Harrobiaren jabetzaren inguruko azalpenak eman ditu aurrena Arregik. Alkateak azaldu du, lurzoru hori oraindik Udalaren esku ez dagoela. Lehenengo “lehengoratze lanak” egin behar direla adierazi du. Haren arabera, lan batzuk eginak daude jada, baina oraindik  “egiteko asko” gelditzen dela azpimarratu du. “Lan horiek amaitzen direnean eta udal bulego teknikoek bere oniritzia emandakoan pasako da lurzoru hori Udalaren esku egotera”. Gai honen inguruak oposizio buruak izandako jarrera salatu du Arregik: “Oso larria iruditzen zaigu legealdi honetan kudeatutako txostena oposizio buruak oraindik irakurri ere ez egitea”.

EAJk berriztagarrien inguruko proposamenak “harridura guztien mugak hautsi” dituela azaldu du alkateak. Udalak harrobiaren gaitasun energetikoaren gaineko txostenak 2021ean egin zituela azaldu du: “Txosten horietan argi eta garbi agertzen da harrobi horrek ez duela inolako baldintzarik eguzki plaken instalazio bat egiteko”. EAJk energia komunitate bat sortzeko asmoei buruz esandakoaren aurrean ere “harrituta” agertu da Arregi: “Ez dakit EAJren alkategaia enteratu den Zestoan energia berriztagarrien komunitate bat sortzear dela. Prozesu horrek denbora asko darama martxan: badakigu dagoeneko estatutuak eginda daudela, badira bi urte udalak Goienerrekin hitzarmen bat sinatu zuela”.

Bestalde, Iñigo Ansola EEEren zuzendari nagusiak EAJren proiektua aztertzeko prestutasuna erakutsi izana gaitzetsi du alkateak: “Zestoako Udaleko oposizioak egindako galderak aztertu behar baldin baditu EEEk Udal Gobernua kontuan hartu gabe, gainontzeko herrietan oposizioan dauden alderdiek egindako proposamenak ere aztertu beharko lituzke. Iruditzen zaigu ez dela parte onekoa erakunde eta baliabide publikoen patrimonialilazio hau. Denok dakigu ze garaitan gauden eta zentzu pixka bat eskatzen dugu. EEEri udal gisa “kexa formala” adieraziko diotela ere azaldu du.

Agerraldia amaitzeko, EAJri eskatu dio EH Bildu egiten ari den lana “ez plagiatzeko”. “Gu ez gara dena egiten ari, seguru daudela proiektu asko guk planteatu ez ditugunak, eta udal batek ondo funtzionatzeko interesgarria da Udal Gobernua eta oposizioaren arteko bateragarritasuna, baina EAJk mahai gainean jartzen dituen gauza guztiak guk legealdi honetan kudeatutakoak dira. Hemen bakarren batek Zestoako alkatea izateko obsesio handiegia daukala dirudi eta obsesioak ez norbere bizitza pertsonalean, ezta politikan, ez dira bidelagun batere onak izaten. Oraindik lau hilabete gelditzen dira, herritarrak gehiegi endredatzea ez da ona, eta herritarrak tontotzat hartzea ere ez. Ridikuloa egin nahi duenak egin dezala, baina mesedez herritarrei begirune eta errespetu pixka bat izanda”.

Ikusi agerraldia osorik hemen: