Albisteak
Osinbeltzen energia berriztagarrien proiektua martxan jartzea proposatu du Zestoako EAJ-PNVk
— 2023-01-27Zestoako EAJ-PNVk energia berriztagarriz hornitu nahi du Osinbeltz harrobia, eta kirol nahiz kultur emanaldietarako aisialdi gunea ere egitea proposatzen du bertan. Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiarekin batzartu da, gaur, Garikoitz Mendizabal bere proiektuaren berri emateko.
Zestoako EAJ-PNVren Osinbletzeko proposamenak bi ardatz ditu, batetik “herria energia berriztagarriz hornitzeko gunea baliatzea” eta bestetik “aisialdirako, kiroletarako eta kultur emankizunetarako espazio berdea atontzea”. Alderdiaren arabera, “proiektua egikaritzeko lehen urratsak ematen hasiak dira” eta gaur goizean Garikoitz Mendizabal, alkategaia, Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE) zuzendari nagusiarekin batzartu da proposamenaren berri emateko eta energia berriztagarriei dagokienean bideragarritasuna azterketa eskatzeko. Bilera ondoren, harrobian bertan izan dira Ansolak espazioa bertatik bertara ezagutzeko. Garikoitz Mendizabalek adierazi duenez, “harrobiko hormetan dauden mailaketek aukera eskaintzen dute eguzki plaka bidez Zestoarentzat energia garbia sortuko lukeen instalazioa egiteko eta aspaldian abandonatuta dagoen espazioa herritarren ongizatearen zerbitzura erabiltzeko. Aukera ederra izan dezakegu trantsizio energetikoan aurre egiteko, eta Zestoatik ekarpena egiteko klima babesteko ahaleginei”. Ilusioz betetzen dituen ekimena dela ere gaineratu du.
Hautagai jeltzalearen esanetan, hainbat kontaktu izan ditu “proiektuaren potentzialtasuna aztertzeko”, eta horietan guztietan ondorioztatu da Osinbeltzeko harrobiak “ezaugarri egokiak” izan ditzakeela plaka fotovoltaikoetan oinarritutako komunitate energetikoa sortzeko. “Europako herrialde aurreratuetan, Alemanian esaterako, gisa horretako irtenbidea ematea aztertzen ari dira abandonatutako meategi irekiei eta proiektu aitzindaria izango litzateke Euskadin eta estatu mailan” gaineratu du.
Zestoako EAJ-PNVren arabera, gaurko batzarrean, Ansolak “begi onez” jaso du Zestoako EAJ-PNVren proposamena, eta EEEen konpromisoa agertu du proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu eta ahalik eta azkarren erantzuna emateko. Azterketa horretan hainbat alor hartuko direla kontuan ere azpimarratu du, “jarraitu beharreko tramiteak, finantzaketa, zenbat plaka fotovoltaiko instalatu ahal izango liratekeen, kudeaketa eredua…”.
Erabilera anitzeko espazioa
Harrobia biziberritzeko EAJren bigarren ardatza erabilera anitzeko espazio gisa egokitzea da. Alderdiak, horretarako, dagoeneko Udal jabetzakoa den lurzorua erabiltzea proposatzen du eta bertan “Harrobira doan bide zaharra, kilometro ingurukoa, egokitu eta pasealeku berria egitea; kontzertu, hitzaldi edo antzezlanetarako auditorio edo antzeztoki irekia ahalbidetzea; ur naturalezko lakua eta aisialdirako espazio berdea sortzea; eta tirolina, rokodromo edo antzeko jardueratarako aukera emango lukeen gunea prestatzea” aurreikusten du. Alkategaiaren esanetan, “finean, urte askoan herriaren eguneroko bizitzatik kanpo egon den espazioa, herriaren bizi-kalitatea hobetzeko biziberritzeko proposamena da hau. Osinbeltz berreskuratzea dugu xede, herritarron mesedetan, eta herritarrak protagonista bihurtuz” eta gaineratu du proposamena “irekia” dela, “denon ekarpenekin, iradokizunekin eta iritziekin aberastu daitekeena”. Jeltzaleen asmoa, Zestoako eragileekin eta herritarrekin partekatu ondoren behin betiko proiektua xehetasunekin aurkeztea da.
Egin zaitez bazkide