Albisteak

Bost Geltoki Historian egitasmo turistikoa berriz ere martxan da

Gaur goizean Azpeitiako Burdinbidearen Museoan Bost Geltoki Historian egitasmoaren edizio berria aurkeztu dute. Bertan izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkate eta Iraurgi Berritzeneko lehendakaria, Alfredo Retortillo Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua eta Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria.

Bost Geltoki Historian Urola bailarako turismo proposamena da, inguruko bost espazio, bisitatuz bailara osoa ezagutzeko proposamena hain zuzen ere. Esperientzia hau Zumaiako Algorri Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa, Zestoako Lili Jauregia, Zestoako Ekainberri museoa, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa, Azpeitiko Loiola Santutegiak osatzen dute, bidean beste hainbat leku ezagutzeko aukera emanez.

Aurtengoan, familia turismoari zuzendutako proposamen turistiko jasangarri bat bultzatu nahi izan dute. Esperientzia hau haurrentzat erakargarriagoa izan dadin eskuorri bereziak prestatu dituzte, non geldialdi bakoitzean haurrei jolas edo ekintza bat egitea proposatuko zaien eta helduek beraiekin  jolastu ahal izango duten. Eskuorri honekin aurkezten diren 12 urtetatik beherako haurrentzat lehen geldialdiko sarrera ordaintzearekin soilik nahikoa izango da, ondorengo geldialdietako sarrerak doan izango dira.

Azkenik, geldialdi hauetako batean selfie bat atera eta 5geltoki@urolaturismo.eus helbidera bidaltzen dutenen artean, familia batentzat ostatu batean asteburu bat zozketatuko da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide