Albisteak

Burdin sareak jarri dituzte ibai ertzeko barandetan, plastikoa erortzea ekiditeko

Zestoako Udalak, Ingurumen batzordearen ekimenez, saretak jarri ditu Urola ibaia babesteko asmoz. Guztira 335 metroko sarea jarri da Iraetako zubian eta Errota industrialdean ibaiaren kontra dauden barandetan. Horrela, espaloietan eta inguruetan egoten diren hondakinak ibaira ez erortzea da ekimen honen helburua. Hau da, Urola ibaia babestu eta hondakinak itsasora iristea ekiditea.

Gorka Alberdi Eguzki Erakunde Ekologistako kideak egin zuen proposamena Ingurumen batzordean eta ontzat ematea erabaki du Udalak, inguruetako beste zenbait udalerrietan egin duten moduan. Azkoitian eta Azpeitian jarri dituzte saretak jada eta Zumarraga eta Urretxuko Udalek ere saretak jartzeko erabakia hartu dute. 

Erreka garbiketa

Zestoako Udala ibaiak babesteko hainbat ekimen ari da gauzatzen. Pasa den larunbatean, Ingurumen sailaren ekimenez, Sastarrain erreka garbitu zuten hainbat herritarrek auzolanean eta bi kamioikada zabor bildu zituzten. Guztira, 53 dira Zestoa eta auzoetan izendatuta dauden errekak. Horietatik 13 Urola ibaira isurtzen dira. Pixkanaka guztiak garbitzen joatea da helburua, baina Zestoako Udalak argi dauka arazo honen konponbidea sentsibilizazioan dagoela; hondakin gutxi sortu eta sorturikoa ondo kudeatzean.

Eguzki Erakunde Ekologistako kide den Gorka Alberdik bidalitako bideo honetan hobeto ikus daiteke Iraetako Errota industrialdeko ibai inguruan pilatzen den zaborra:

Argazkiak eta bideoa: Gorka Alberdi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide